Amalur ARTOLA
DURANGO

Durangoko Azokak 50 urte

«Ederra izan da, borobila, eraginkorra». Hitz horiekin laburbildu du Gerediaga Elkarteko zuzendari Nerea Mujikak Durangoko Azokaren 50. edizioak eman duena. Aurten azokak 120.000 bisitari jaso ditu eta, hurrengo urteetara begira, erronka «azoka gaztetzean» dagoela aurreratu du.

Durangoko Azokaren 50. edizioaren balorazioa egiteko agerraldia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Durangoko Azokaren 50. edizioaren balorazioa egiteko agerraldia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Baikor azaldu da Gerediaga Elkarteko zuzendari Nerea Mujika gaur goizean, Durangoko Azokako balorazioa egiterako unean. Aurten, Azokak 120.000 bisitari jaso ditu, 30.000 pertsonak kontsultatu dute web-orrialdea, 250 ekitaldi eskaini dituzte, 350 nobedade bildu dituzte Landako Guneko standek, 190 sinadura eskaini dituzte autoreek eta aurten lehendabizikoz martxan jarri den boluntariotza programan 72 pertsonak hartu dute parte.

Musika industriaren izenean, Olatz Allikak salmentetan hobekuntzak izan direla esan du eta horretan nobedadeen aurkezpenek, musikariak sinatzen egoteak, zuzenekoek eta Ahotseneak izan duten eragina nabarmendu du. Editoreen elkartetik, Xabier Olarrak lehen bi egunetako salmenta «eskasak» hurrengo bi egunekoekin orekatu direla azaldu du eta «gaurkoarekin egingo dugu desenpatea», ziurtatu du, baikor. Etorkizunera begira, herrialde anglosaxoietan «halako ekitaldiak ekimen pribatuen bidez babesteko joera» dagoela aipatu eta «BBVA edota Petronor bezalakoak saiatuko balira Landako Gunea txiki geratzea lortuko genuke», hausnartu du.

Ederra, borobila...

Ikuspegi orokorra emanez, aurtengoa «ederra izan da, borobila, eraginkorra», ziurtatu du Mujikak, eta bost hamarkadotan egindako ibilbideaz ere hitz egin du: «Gutxitan izan dugu azoka gure alde, baina 50 urteotan bide eraginkorra egin dugu. Durangoko Azoka estrategikoa da, eta baita gaur egungo eredua ere», esan du. Hala ere, euskal kulturak zein Durangoko Azokak «garaikoa izaten» jakin behar dutela gaineratu du eta, bide horretan, azokak «euskal kultura gaztetzeko» zein «geroratzeko estrategia ausartak» landu behar dituela iritzi du. «Datorren urteko azoka, beraz, etorkizunari begira jarriko da, belaunaldi berriei begira», aurreratu du.


Azokak itxi ditu ateak 2016ra arte. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)