Moises AVILA (Afp)
HUARAZ

Peruko nekazari bat, ikatz gehien ekoizten duen europar enpresaren aurka

Germanwatch erakundearen laguntzarekin, Saul Luciano Lliuyak RWEren aurkako salaketa aurkeztu du, Europan ikatz gehien saltzen duen enpresa glaziarren desagertzearen arduraduna delakoan.

Ederki asko daki Lliuya nekazariak zein den Andeetako glaziarren egoera. Llupa herrian jaio eta hazi zen, Peruko iparraldean. Nekazari eta mendi gidaria da eta bere lanari esker glaziarren bilakaera negargarriaren lekuko da. Bere etxeko leihotik Churup mendiaren tontorra ikusten da: 5.400 metroko altuera, garai batean elurrak estalita egoten zena, eta gaur egun ile zuri batzuk baino ez dituen kaskasoila dirudiena. «Pena da glaziarrak horrenbeste aldatu izana. Berotze globalaren eraginez ari gara glaziarrak galtzen», esan dio AFPri.

Emazte eta bi seme-alabekin bizi da nekazaria. Bere arbasoek egiten zuten moduan, artoa, patata, kinoa, garagarra eta garia landatzen ditu familia aurrera atera ahal izateko. Eguzkiak aurpegia erretzen dionean ere, haize hotzak bere baratzeko usainak ekartzen dizkio.

Pastoruri eta Churup mendiak Huascarango parke nazionalean daude. Eremu hori Gizadiaren Natura Ondare izendatu zuten 1985ean. Babestutako lurra den arren, azken 40 urteotan elurrak atzera egin du eta bere azaleraren %30 inguru galdu du, Peruko Gobernuak emandako datuen arabera.

Lliuyaren iritziz, berotegi efektua eragiten duten gasak isurtzen dituen industria da glaziarren egoeraren erruduna.

Liman egin zen COP20 klimaren goi-bileran ezagutu zituen lagunekin batera epaitegietara eraman zuen bere salaketa. Germanwatch gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin, RWE konpainiaren aurkako salaketa aurkeztu zuen. Aipatu enpresa Alemaniako bigarrena da energiaren alorrean eta Europa osoan ikatz gehien saltzen duena da. Horregatik egozten zaio glaziarrak galtzearen arduradun nagusietako bat izatea. Gainera, Saul Luciano Lliuya bizi den hiria bera ere arriskuan ipini du glaziarra urtzeak.

«Hemen arduradun bat daukagu eta kontuak eskatu behar zaizkio. Ez da justua gu isil-isilik geratzea. Mundua guztiona da, ez planeta kutsatzen duenarena», dio Andeetako herritarrak.

Germanwatcheko kideen ustez, klima aldaketak kaltetutako pertsona batek enpresa bat salatzea nabarmentzeko moduko berria da. Essen Alemaniako hiriko auzitegiko eledun batek AFP agentziari baieztatu dio RWEren aurkako salaketa onartuta dagoela.

Glaziarrak urtzean urmael berriak sortzen dira, eta zaharretara ere ur gehiegi iristen da. Ondorioz, laku horiek gainezka egiteko arriskua ikaragarria da. Horixe gertatu zen 1941ean Palcacocha lakuan, eta urak Santa bailara suntsitu eta Huaraz hirian 5.000 hildako eragin zituen. Gaur ere gauza bera gertatzeko arriskua izugarria da.