Maider IANTZI

HAURREN (ETA EZ HAIN HAURREN) ILUSIO AURPEGIAK DIRA MAGIARIK EDERRENA

KOLORE BIZIKO JANTZI ETA TURBANTEDUN MAGOEN BELAUNEN GAINEAN JARRITA, IRUDIMENA ILARGIRAINO DOA HEGAN. IRRIBARRE ZABAL BATEKIN GARAIZ OHERATZEAN, ERREGE KUTTUNAREN KEINU KONPLIZEA BURUAN, GOIZA LEHENBAILEHEN AILEGATZEA NAHI DUTE TXIKIEK. HEMEN DA ETA OPARIAK EKARRI DITU. EDERRENA, ILUSIOA BERA.

Iluntze magikoa da urtarrilaren 5ekoa Hego Euskal Herriko kaleetan. Eguzkia erretiratu ahala pizten doaz lastargiak, erregeen bidea argituz. Haurrak kabitu ezinik daude: kolore biziak, musika, opariak, goxokiak... eta, jendartean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar ikusteko irrika. Hiriburuak zein herri txikiak bisitatu dituzte Ekialdeko bidaiariek.

Aipatzeko modukoa da, sortutako iskanbilaren ondotik, azkenean Iruñeko Baltasar beltza dela, eta ez aurpegia beltzez margotutako zuria, orain arte bezala. Dromedario gainean sartu dira hirira, Magdalena zubitik. Milaka lagun bilduko dira desfilean.

Bitxikeria gisa, Donostian Meltxor gamelutik erori da bi aldiz eta ikara galanta hartu dute bai berak eta bai bera animatuz oihuka ari zirenek.

Keinu konplizeak

Goiztiarrenak gasteiztarrak izan dira. 11.00etarako iritsi dira errege magoak bertara, trenez. Geltokian esperoan dituzte ehunka guraso, aitatxi-amatxi eta ume, urduri eta ikusminez. Dato kaletik Plaza Berrirako bidea egin dute poz oihu, txalo eta agur artean, garaiko kotxeen gainean. Eskuetan haurrek idatzitako gutunak dituzte. Keinu bidez adierazten diete txikiei beren mezua jaso dutela eta gauean eskatutako opariak ekarriko dizkietela.

Banderadun talde bat doa desfilearen buruan –Sbandieratori Principi d’Acaia, italiarrak–. Ez dira falta pajeak, benetako postariak eta fanfarrea. Bukaeran, opariz kargatutako traktore batek erakartzen ditu begirada guztiak.

Jendetzak egin die ongietorria, eguraldi ona lagun, fresko baina ateri. Udaletxean Gorka Urtaran alkateak hartu ditu. Hiru magoak balkoira atera dira herritarrak agurtzera eta gero Goiuriko jauregira joan dira nahi duten ume guztiei banan-banan kasu egitera. Jarraian, atseden pixka bat, arratsaldeko desfilean ateratzeko.

Desfilearen aitzinetik beroketa polita egin dute Donostian ere, goizean. Gipuzkoako Erizaintza Kolegioak antolatuta, 700 lagunetik gora elkartu dira Victoria Eugenia antzokian besta batez gozatzeko. Kolegioak urtero prestatzen du Gabonetako jaia Gipuzkoako 5.000 erizain baino gehiagoren seme-alabentzat. 20. edizioa izan du marrazki lehiaketak eta zazpigarren aldiz bete dute antzokia.

Tomax eta Musugorri

Txikiak kontent-kontent doaz eskaileretan goiti. Batzuk mingaina kanpoan ailegatu dira balkoira. Aurten “Haurrak eta aitona-amonak” izan da marrazki txapelketarako gaia eta horrek eraginda-edo aitatxi-amatxi aunitz etorri da seme-alaba eta bilobekin batera.

Argiak itzali orduko musikarekin txaloka dabiltza haurrak, aztoratu samar. Tomax eta Musugorri pailazoen emanaldia hasi da, iritsiko ote den zain gauden neguan zer eta hondartza bero bat irudikatuz. Lehenbiziko unetik bilatu du bikote barregarriak ikusleak parte-hartzaile bilakatzea eta oholtzara igoarazi ditu guraso eta umeak. Ederki dantzatu dute lehenbiziko koreografia, eta hortik aitzinera dantza, kanta eta irri ibili dira modu berean amaitu arte. Itsas kurkuilu bat aurkitu eta itsasoa entzun dute, ur pistolekin jostatu dira, bainatu marrazoa agertu arte, urpean olagarroari trabatuta zuen plastikoa kendu diote, arrantzara gonbidatu dituzte haurrak...

Ondotik, Inmaculada Sanchez epaimahaiko presidenteak eta Pilar Lecuona kolegioko presidenteak marrazki lehiaketako sariak banatu dituzte. Honakoak izan dira irabazleak: 3 urtera artekoen sailean Maria Muñoz Garcia; 4-5 urtekoen artean Udane Erauskin Lizarazu; 6-7 urtekoetan Aiala Irastorza Marcos eta 8-9 urtekoetan Marta Beorlegui Oses.

Lecuonak azaldu digu Eguberrietan bizi pixka bat emateko sortu zutela ekimena eta pozarren daudela erantzunarekin. Irteeran ikusgai jarritako marrazkiei begira, Piedad saria jaso duen Udane txikiaren amatxik, lezotarra bera, azaldu du urteak daramatzatela etortzen eta hagitz polita dela.

Bisita bereziak

Erietxeetako bisitak bereziak izan dira. Adibidez, errege magoak, Disneyko hainbat pertsonaiarekin, Basurtuko Ospitalean izan dira bertan dauden umeei poz bat emateko.

Gurutzetako erietxetik ere pasatu dira eta gero, Barakaldon, ohitura den bezala, saskia oparitu diote urteko lehen umeari, Claudia Delgado Alonsori.

Iruñean, ANA Autismoaren Nafarroako Elkarteak Gabonetako Eskolako ateak itxi ditu erregeekin. Agertu dutenez, lan intentsiboa egin dute 25 ume eta gazterekin, ikasiz, gozatuz eta terapia eginez, betiere bakoitzaren beharretara egokituz.

Errege-opil solidarioa

Bilbora igaroz, Caritasek 3.800 errege-opil zati banatu ditu Plaza Barrian, txokolate beroarekin batera, haurrei zuzendutako programa baterako dirua lortzeko eta bide batez familia ugariren beharra erakusteko. Okinen eskolako ikasleek prestatu dute opila.

Arratsaldean, «historiako desfilerik luzeena» osatu dute Jesusen Bihotza plazatik abiatuta. 25 patinatzailek txikien azken gutunak jaso dituzte eta banderatxo pila bat banatu dituzte ikusleen artean. Apaindutako suhiltzaileen kamioiak joan dira buruan, ondotik aizkolari eta harri-jasotzaileak, baita artzainak ere ardi eta idiekin, eta hainbat karroza, tartean Artxandako funikularra irudikatzen duena.