NAIZ
BAIONA

8.000 lagunek dispertsioaren amaiera aldarrikatu dute Baionan

Zortzi mila lagun inguru bildu dira Baionako manifestazioan, dispertsioaren amaiera aldarrikatzeko. Presoen senideek era eragile politikoek eraman dute pankarta nagusia, eta amaierako ekitaldian Bagoaz kolektiboak Gobernu frantses eta espainolaren inplikazioa aldarrikatu du: «Denon artean indar eginez mugituko dugu harri pisua».

Baionako manifestazioa. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Baionako manifestazioa. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Manifestazioa arratsaldean bazen ere, eguerditik Baiona Tipiko kaleak euskal presoen aldeko aldarrikapenez josi dira, Kazeta.eus-ek jaso duenez.

Mirentxin furgonetak aurrean zirela eta haien atzetik ehunka preso ohi, senide eta iheslari zihoazela, manifestazioa 17.20 aldera abiatu da Laugatik. Haien ondotik, presoen senitartekoak eta eragile politiko, sozial eta sindikalek eraman dute pankarta nagusia, ‘Droits de l’homme, résolution, paix. Euskal presoak Euskal Herrira’ leloarekin.

Jokin Aranalde preso ohia, Alice Leiciagueçahar kontseilaria, Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapeza, Sylviane Alaux diputatua eta Jeanine Beyrie Lorentxa Beyrieren amak ziren pankarta eutsi dutenen artean, besteak beste.

Lorentxa Guimon gaixotasun larria duen presoa gogoan duen beste pankarta bat ere izan da mobilizazioan.

‘Euskal presoak Euskal Herrira’ leloa izan da oihukatuena ibilbide osoan zehar.

19.00ak aldera iritsi da martxa bukaerara, Xahoko zelaigunera. Txalapartarien saioaren ondoren, Alaia Martin, Maialen eta Amets Arzallus bertsolariak jardun dira oholtzan, Bagoaz kolektiboko kideek hitza hartu aurretik. Jeronimo Prietok sakabanaketak eragiten duen «sufrikario bidegabea» salatu eta ETAk armak duela lau urte utzi zituela gogora ekarri du.

«Geroztik Estatu frantsesa eta espainiarra beti bezain krudelak dira», gehitu du Anne-Marie Michaudek Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Babes Elkarteko kideak. Halaber, bake prozesua martxan dagoela nabarmendu dute, baina bakarrik «aldebakarrekoa» dela ohartaraziz. «Estatuek, errepresioaren bidez, dena egiten dute prozesua blokeatzeko» salatu du Michaudek.

Larriki gaixo dauden presoak –Ibon Fernandez Iradi, Lorentxa Guimon...– eta baldintzapeko askatasuna eskuratu ahal dutenak espetxean izatea «onartezina» dela ohartarazi diote François Hollande presidente frantsesari, eta gizarteari, berriz, mobilizatzeko deia egin diote.

«Bultza dezagun denok, mugi daitezen harriak!» oihukatu du Prietok bukaerako hitzaldian.