NAIZ
DONOSTIA

Donostiako Udalak «farmazia lagunkoia» aurkeztu du, adinduekiko arreta hobetu asmoz

Osasunaren Mundu Erakundearen proiektuarekin bat eginez, Donostian «farmazia lagunkoia» proiektua martxan jarriko dutela iragarri dute. Honen bidez, hainbat konpromiso hartu dituzte, harremana, zerbitzu profesionala eta farmazia «leku lagunkoia» izateko jomugaz.

Salaberria, Goia eta Garay, «farmazia lagunkoia» proiektuaren aurkezpenean. (Donostiako Udala)
Salaberria, Goia eta Garay, «farmazia lagunkoia» proiektuaren aurkezpenean. (Donostiako Udala)

Donostiako 18 farmazia batu dira proiektu honetara, gipuzkoar hiriburua munduan «farmazia lagunkoia» izango duen lehen hiria izanik. Hala azaldu du Udalak gaur egindako agerraldian. Adierazi dutenez, farmazia hauek «hainbat konpromiso» hartzen dituze. Hauen artean, erabiltzaileekin harremana, zerbitzu profesionala eta komunikazioa, adinduentzat «leku lagunkoia» izatea.

Helburu hauek zehazteko, azken hilabeteetan erabiltzaileekin eta adinduekin elkarlanean aritu direla azpimarratu du. «Farmazia sozialagoa, komunitarioagoa eta herritarrekin, orokorrean, eta pertsona adinduekin, bereziki, inplikatuagoa izateko helburuarekin sortu da, eta baita farmaziaren aldetik arreta hobea izateko helburua», azaldu dute aurkezpenean.

Bertan izan dira Eneko Goia, alkatea, Eva Salaberria Donostia Hiri Lagunkoia proiektuaren arduraduna eta Angel Garay, GFEOren lehendakaria. Goiak nabarmendu nahi izan du hiri lagunkoien ekimena Osasunaren Mundu Erakundearen proiektu bat dela, «nazioarteko mugimendu bat eta pertsona adinduen parte-hartze aktiboa sustatzea» dela horren helburua.

«Pertsona adinduak dira protagonistak, baina guztiontzat hobea izango den hiria egitea izango da helburua», gehitu du.