Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Hitzargiak, hizkuntza gutxituak «elkar argituz elkar handitzeko» topalekua

Aniztasuna da Europako hizkuntza gutxituen zigiluetako bat. Hiztun kopuru, lurraldetasun, egoera administratibo, onarpen... ezberdinak dituzte eta bakoitzak, bere ezaugarriak aintzat hartuta, bizirik irauteko estrategia eta politika ezberdinak garatu ditu. Horien artean «eraginkorrenak» bildu eta, aurtengo ekainean Euskal Herrian izango dute topalekua, Soziologia Klusterrak eta Donostia 2016k sustatutako Hitzargiak proiektuari esker.

Etnologo talde batek 2009an egindako ikerketa baten arabera, Europan 384 hizkuntza gutxitu daude. Xabier Paya Donostia 2016ko kultur programaren arduradunaren hitzetan, “aniztasuna” litzateke horiek guztiak bateratzen dituen ezaugarria. Hiztun kopuruari dagokionez zein lurraldetasun, egoera administratibo, osasun eta bestelako ezaugarrien aldetik euren artean ezberdintasun nabarmenak badaude ere, bada bateratzen dituen elementurik: bizirik jarraitzeko grina. Nahi horren ildotik, dozenaka dira hizkuntz komunitate ezberdinetan euren hizkuntzaren normalizazioaren alde lan egiten duten eragileak eta, hain zuzen, euren jardun horretan «ondo egindakoak» bildu, esperientziak partekatu eta hizkuntza gutxituen arteko zubi-lana egitea da Kultur Hiriburutzak eta Soziolinguistika Klusterrak sustatu duten Hitzargiak proiektuaren helburua.

Bi erakunde hauek ez dute, ordea, bakarrik lan egingo. Normalizazioaren bidean emankorrak izan diren esperientzia horiek biltzeko partzuergo bat osatu dute euskararen eremuan lan egiten duten zenbait erakunde eta elkarterekin batera (Lakuako Hizkuntza Politikarako Saila, Gipuzkoako Aldundia, Donostiako Udala, EHU, MHOK Unesco Katedra, Mondragon Unibertsitatea, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Topagunea, AEK, Bai Euskarari Fundazioa, Kontseilua, Deustuko Unibertsitatea eta Ekimen), eta, iazko azaroan egindako lehen bileraren ostean, lantalde edota Batzorde Zientifikoa ere osatu dute, Europan ildo honetan eman diren esperientziak ikertu, horien sustatzaileekin harremanetan jarri eta Hitzargiak proiektuan euren ekarpenak egin ditzatela proposatzeko. Batzorde hori normalizazioaren bidean esperientzia duten hainbatek osatzen dute, Larraitz Ariznabarreta, Vicent Clement, Araceli Diaz de Lezana, Durk Gorter, Itziar Idiazabal, Jasone Mendizabal, Erramun Osa, Meirion Pris Jones eta Xabier Vilak eta, atzo Payak argitu zuenez, jada lanean hasiak dira Europako esperientzia ezberdinak bildu eta «jardunbide egokien topagune» izan nahi duen proiektu honetan biltzeko.

Ekainean topaketak Donostian

Soziolinguistika Klusterreko lehendakari Olatz Olasok azaldu zuenez, behin «datu-base erraldoi batean» Europako esperientziak bildu eta lehen kontaktu horiek eginda, euren «jardunbide egokiak» publikoki azaldu nahi dituzten instituzio, sortzaile, elkarte zein bestelako eragile europarrek www.hitzargiak.eu web orriaren bidez partekatuko dute euren esperientzia eta, «aurtengo ekainaren amaiera aldera, solstizioaren argiarekin batera» Donostian egingo den topaketa batean bilduko dira horietariko adierazgarrienak.

Olasok zehaztu zuenez, topaketan 300 parte hartzaile inguru bilduko dira eta, partaide zein edukiei dagokienez, aniztasuna bermatzeko ahalegin berezia egingo dute: «Eragileen izaerari erreparatuz, era askotakoak izatea bermatuko da: erakunde sozialak, administraziokoak, akademikoak, enpresak... Eragin-esparruari dagokionez, gizarte sektore desberdinetako kasuak aztertuko dira, hala nola hezkuntzari lotutakoak, kultura alorrekoak, arlo sozioekonomikokoak, aisialdiari dagozkionak, kultur egitasmoak, hedabideei lotutakoak, IKTak...».

Donostiako topaketan horietako zenbait esperientzia gertuagotik ezagutzeko aurkezpenak izango direla azaltzeaz batera, bi egunetan zehar eztabaidak, sorkuntza-saioek eta bestelako dinamikek ere lekua izango dutela nabarmendu zuen Olasok: «Sei hilabeteotan zehar, poliki argiak pizten joango dira, jardunbide egoki horiek elkarrizketan jarriko ditugu eta bat egingo dute. Topaketak eragin aktibatzailea izatea espero dugu, elkarrekin lan eginda gure indarrak biderkatzen direla uste baitugu». Proiektuaren bokazioa 2016az gaindi «aurrera jarraitzea» dela gaineratu zuen.

Bestalde, Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak «Europako 24 hizkuntza ofizialetatik haragoko aniztasunari» egin zion erreferentzia: «Erakunde europarrek hizkuntza aniztasunaren auzia beren egin behar dute, baina guk ere ikusi behar dugu aniztasun horri zer eman diezaiokegun. Proiektu hau Europako testuinguru horretan kokatu behar dugu».