NAIZ
DONOSTIA

EH Bilduko militanteek hartuko dituzte Madrilen izango duen jardunari buruzko hainbat erabaki

EH Bilduk herri batzarrak egingo ditu datozen asteetan, udazkenean abian jarri zuen hausnarketa prozesuaren baitan, gizarteari eskaintzen dion eskaintza politikoa egokitu eta berritzeko helburuarekin. Koalizioak Madrilen izango duen jardun politikoaren inguruko hainbat erabaki hartu beharko dituzte militanteek, horien artean koalizioko ordezkariak espainiar erregearen audientziara joango diren ala ez.

Marian Beitialarrangoitia eta Onintza Enbeita, Madrilen EH Bilduren diputatuak. (J. DANAE/ARGAZKI PRESS)
Marian Beitialarrangoitia eta Onintza Enbeita, Madrilen EH Bilduren diputatuak. (J. DANAE/ARGAZKI PRESS)

‘Jaikiz’ lelopean herri batzarrak egingo ditu EH Bilduk datozen asteotan, «jaikitzeko ordua iritsi baitzaio» koalizioari. Udazkenean hasitako haunarketa prozesuari segida emango dio horrela, euskal gizarteari egokitutako eskaintza politikoa berritu eta egokitzeko.

Ohar batean gogora ekarri duenez, EH Bildu jatorri eta kultura politiko eta ideologiko desberdinetatik datozen indar politikoen batuketatik sortu zen, baina azken hauteskunde-aldiek «erakutsi dute indar politiko desberdinen batuketa soilaren eredua agortua dagoela» eta «beste jauzi bat eman beharra dagoela».

Ildo horretan hurrengo urteetan euskal gizarteak «tamaina erraldoiko erronkei» egin beharko die aurre eta horretarako «EH Bildu indartsu bat» beharrezkoa du koalizioaren ustez. Katalunian bezala, Euskal Herrian ere aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko «inoiz baino baldintza hobeak» daudela iritzi dio, eta EH Bildu «aldaketa hori lideratzeio prest egon behar da».

Horretarako, nabarmendu du, proiektua «egonkortu eta indartu» egin behar da, koalizioaren komunitatea osatzen duten pertsona guztien «laguntza, indar eta bultzadarekin».

Erabaki zehatzak

EH Bilduren etorkizunaren inguruan hausnartzearekin batera, militanteek epe laburrerako hainbat erabaki hartu beharko dituzte herri batzarretan. Beste batzuen artean, koalizioak Madrilgo Kongresu eta Senatuan izango duen jardun politikoari buruz erabaki beharko dute, hala nola espainiar erregearekin izango den audientziara joango diren ala ez, eta joanez gero zein mezurekin joango diren. Gobernu espainolaren presidentearen inbestidura saioan EH Bilduk izango duen jarrera ere erabaki beharko dute militanteek.