
Duela astebete, Israelgo Armadak Muhannad Halabiren etxea bota zuen Ramallah hiritik gertu den Surda herrian. Duela hiru hilabete, urriaren 3an, Jerusalengo Hiri Zaharrean bi israeldar hil eta beste horrenbeste zauritu zituen. Poliziak hil egin zuen 19 urteko palestinarra. Bizilagunek diru bilketa egin zuten etxerik gabe gelditu ziren senideei laguntzeko. Ramallah hiriko Yasser Arafat plazan beirazko kutxa erraldoia jarri zuten nahi zuenak dirua eman zezan.
«Jende asko triste zegoen Halabi familiari gertatutakoarekin. Erabaki genuen diru bilketa bat antolatzea. Emaitza oso positiboa izan da. Profil askotariko herritarrek esku hartu dute, ikasleetatik enpresaburuetara. Lehendabiziko bi egunetan 63.500 dolar bildu genituen. Igande goizera arte [bihar] luzatuko dugu kanpaina», azaldu zion Abd al-Karim Abu Arqob Ramallah bertako ekintzaileak Al Jazeera telebistari. «Muhannad hil egin zuten. Zergatik orduan beste sei pertsona bizi diren etxea suntsitu? Zergatik zigortu behar dituzte egin ez duten zerbaitengatik? Etxebizitzarik gabe, zer egingo dute seme-alaba txikiek eta pertsona helduek?», salatu zuen.
Jeninen, Arab American University unibertsitateko ikasleek antzeko ekimen bat ipini dute martxan pasan den astean Jerusalemen bota zituzten ustezko bi ekintzaileen etxeak berreraikitzeko. Israelgo B’Tselem gobernuz kanpoko erakundearen arabera, urritik 1.286 palestinar gelditu dira etxerik gabe.
Abenduaren 2an, milatik gora soldadu Shuafat errefuxiatu kanpalekuan sartu ziren Zisjordanian, Ibrahim al-Akkariren senideen etxea botatzeko. 2014an, soldatu eta zibil bana hil eta beste hamahiru pertsona zauritu zituen Jerusalemen, gidatzen zuen autoarekin beraien aurka egitean. Soldaduek momentuan hil zuten. Bere emazte Amira eta bost seme-alabak kale gorrian geldi ez zitezen, kanpalekuko meskitetan zein autoetan ipinitako bozgorailuen bitartez familiari laguntzeko mezua zabaldu zuten. Duela urtebete jaso zuten etxea botako zietela zioen agindua.
Egun gutxitan, ehunka herritarrek egindako ekarpenari esker, 70.000 dolarretik gora, altzairuak eta etxerako bestelako tresneria bildu zituzten. «Familia bakoitzak ahal zuena eman zuen», esan zuen Abdullah Alqamek, komunitateko liderrak. «Ez nau harritu herritarren elkartasunak. Senarra hil zutenean, jende asko gerturatu zen guregana laguntza eskainiz. Jatekoa ekartzeaz gain, umeen eskolako matrikulak ordaintzen lagundu zidaten», adierazi zuen Amirak.
Bertako enpresaburu batek utzitako apartamentu berri batean bizi dira orain Amira eta bere seme-alabak. Bi logela, estreinatzeko moduko sukaldea, eta altzairuak ditu. Eta auzotarrek beraien baliabideen araberako dohaintzak egin dituzte, detaile txikiena ere zainduz familia eroso senti dadin bizileku berrian. Izan ere, etxeaz gain, ondasun guztiak galdu zituzten.
Egun bat geroago, abenduaren 3an, Nablusen, Ragheb Alawiren etxea bota zuten. Bertan bere emaztea eta bi urteko semea bizi ziren. Urrian, Eitam eta Naama kolonoen heriotza eragin zuen erasoa agindu izana leporatzen diote. Egun espetxean dago Alawi, epaiketa zain.
Segituan diru bilketa bat antolatu zuten. Hiri erdian kutxa handi bat ipini zuten. Alawiren etxeaz gain, beste hiru ere birrindu zituzten arrazoi berberagatik Nablusen iazko urrian eta beste hiru familia gehiagok antzeko aginduak jaso dituzte. Kaltetuei laguntzeko abian ipinitako auzolanari esker, 200.000 dolarretik gora lortu dituzte.
«Diruaz aparte, batzuek lur eremuak, eraikitzeko materialak edota etxetresna elektrikoak eman dituzte. Egunero, bildutako dirua zenbatzen dugu kaltetutako familiaren ordezkari batekin batera. Komunitateko buruzagiek gainbegiratzen dute kanpaina. Ez dugu Gobernuaren aldetik inolako laguntzarik jaso. Are gehiago, familia horiek laguntzeko ez zuela deus ere egiten ikustean zerbait egiteko beharrean sentitu ginen. Gure nahia apartamentu berrien giltzak laster ematea da», azaldu zion Al Jazeerari Hassan Qamhiak, 33 urteko ekintzaileak.
Britainiarren garaiko legea
Balizko erasotzaileen etxeak edo beren hurbilekoenak botatzea baimentzen duen legedia okupazio britainiarraren garaikoa da. 1945. urtean Britainia Handiak larrialdi egoeretarako Defentsa Araudia onartu zuen. 119. artikuluak, arau-hauste edo delituren bat egiten duten susmagarrien etxeak suntsitzea baimentzen du. Hori gutxi balitz, ustezko erasotzaileen senideen, bizilagunen edota beren komunitateetako kideen etxeak ere botatzea baimentzen du.
1949an, Genevako Konbentzioak etxeen eraispena eta zigor kolektiboak gerra krimenak direla adierazi zuen. Konbentzioaren 53. artikuluak indar okupatzaileei debekatu egiten die etxebizitzak bota edota bestelako jabetzak suntsitzea operazio militarren baitan. 33. artikuluak, berriz, zigor kolektiboak debekatzen ditu. Baina, Israelgo Estatuak ez du inoiz kontuan hartu nazioarteko legedia. Pentsa, 1967tik 1987ra, 1.300 etxetik gora bota edo zigilatu zituen Palestinako lurralde okupatuetan, HaMoked giza eskubideen defentsan lan egiten duen taldeak egindako datu bilketaren arabera. Lotte Salzbergerrek sortu zuen taldea 1988an palestinarren giza eskubideen urraketak salatzeko, besteak beste Lehen Intifadaren harira Israelek indarrean jarri zuen «hezur hautsien» politikari aurre egiteko eta zauritutako palestinarrei laguntzeko. Harriak botatzen zituzten gaztetxoei besoak edo hankak puskatzea zen okupatzaileen politikaren ezaugarri nagusietako bat garai horretan.
Iazko urrian, Benjamin Netanyahuk Israelgo lehen ministroak erasoak murrizteko neurriak areagotuko zituela agindu zuen, tartean ustezko erasotzaileen etxeak eraistearena. Urriaren 6tik urtarrilaren 4ra hamalau etxe bota ditu Armadak. «Okupatzaileei mezu bat helarazi nahi diegu; Israelek egiten duena gorabehera martirien familiak zein okupazioaren biktimak sostengatzen jarraituko dugu», nabarmendu du Abd al-Karim Abu Arqob ekintzaileak.

Auzitegi Gorenak legeztatu duen zigor kolektiboa
1979ko azaroaren 6an, Israelgo Auzitegi Gorenak ustezko erasotzaileen etxeak botatzeko politika legezkotzat jo zuen disuasio-neurri gisa. Era berean, lurralde okupatuetako palestinar batek erabili ohi zuen logela baten zigilatzea ere baimendu zuen, delitu bat leporatu ziotelako. 1982ko abuztuaren 10ean, Auzitegi Gorenak etxeen eraispena ez dela zigor kolektiboa adierazi zuen, hainbat familiek jarritako helegiteari erantzunez.
Lehen Intifadan, 1988tik 1992ra, Israelek 430 etxetik gora bota zituen. Erabakiak arbitrarioak izan ziren erabat. Nahikoa zen unean uneko buruzagi militarraren oniritzia; hala, israeldarren edo soldaduen susmoak nahikoa ziren. Balizko erasotzailearekin lotura zuzena ez zutenen etxeak ere bota zituzten. Etxea alokatuta bazegon ere, eraitsi egiten zuten.
1993tik 1997ra, Osloko Akordioen testuinguruan, eraso suiziden ustezko egileen edo eraso horiek planifikatu zituztenen etxeak botatzera mugatu zen Israelgo Armada. Orotara, 24 etxe bota zituen lau urte horietan. 2001eko urrian, ordea, etxeak botatzeko politika gogor aplikatzen hasi zen berriro Bigarren Intifadari erantzuteko asmoz. 664 etxe bota zituzten soldaduek, aldez aurretik –Auzitegi Gorenak hala aginduta– familiei abisatu ondoren.
Giza eskubideen aldeko elkarteek maiz salatu dute zigor kolektibo mota hau. Ustezko erasotzailea baino, gehienetan hilda edo espetxean dagoena, bere senideak zigortzen dituela nabarmendu dute.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes
