NAIZ
GASTEIZ

Urte eta erdiko haur bat zaurituta Gasteizen, bere amaren bikotekideak leihotik bota eta gero

Gizon batek bere bikotekidearen urte eta erdiko alaba bota du leihotik Gasteizen, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Haurra larri zaurituta dago eta Gurutzetako Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago. Ertzaintzak gizona atxilotu du.

Gizon batek bikotekidearen alaba leihotik bota du Gasteizen. (JaIzki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Gizon batek bikotekidearen alaba leihotik bota du Gasteizen. (JaIzki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Urte eta erdiko haur bat zaurituta dago, bere amaren bikotekideak, Gasteizen, etxeko lehen pisuko leihotik bota eta gero.

Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez, haurraren ama eta haren bikotekidea eztabaidan ari ziren gizonak umea leihotik bota duenean. Haurra larri zaurituta dago; garezurreko traumatismoa eta gorputz osoan hainbat kolpe ditu. Hasiera batean Santiago ospitalean ingresatu dute baina handik Gurutzetako ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatera eraman dute.

Bai gizonak bai amak elkarri egindako hainbat zauri dituzte, haurra bota duen leihoko kristalekin eragindakoak. Ama, 18 urtekoa, Txagorritxuko erietxean dago hainbat kolperekin eta bere pronostikoa erreserbatua da. 30 urteko gizona, aldiz, Santiago ospitalean dago; aurpegian zauriak ditu eta azterketa psikiatrikoaren zain dago.

Goizaldeko 03:30ean gertatu da erasoa, Askatasuna kalean. Lakuako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, gizona atxilotuta dago, «hilketa saiakera» egotzita.

Ertzaintzak ikertzen ari da bikoteak lehendik elkar ezagutzen zuen ala gaur gauean izan duten lehen harremana.

Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Batzordea eguerdian elkartu da.

Elkarretaratzea bihar

Gasteizko Plataforma Feministak kontzentrazioa deitu du bihar (19.30) Ama Zuriaren plazan, indarkeria matxista salatzeko.