NAIZ
BAIONA

Zerbitzu publikoen aldeko manifestazioa egin dute Baionan

Sektore desberdinetako ehunka langilek zerbitzu publikoen aldeko manifestazioa egin dute Baionako karriketan barrena. Irakasleak, funtzionarioak, taxi gidariak eta aire-kontrolatzaileak greba egin dute Estatu frantses osoan.

Zerbitzu publikoen aldeko manifestazioa Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Zerbitzu publikoen aldeko manifestazioa Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Seiehun bat funtzionarioek beren eskubideen defentsa aldarrikatu dute Baionan eginiko manifestazioan. «Hasiera batentzat ongi da, baina honek ez du bukaera irudikatzen», azaldu du CGTko sindikalista batek manifestazio amaieran hitza hartu duenean.

Goizeko 10.30ean abiatu da mobilizazioa Baionako Santa Ursula plazatik eta hiria zeharkatu ondoren suprefeturara iritsi dira. Mobilizazioan parte hartu dutenek zenbait neurri salatu dituzte, tartean soldaten desblokeoa, babes sozialaren pribatizazioa, lan baldintzen okertzea eta zuhurtasun politika.

Mobilizazioaren hasieran CGT, FSU, Solidaires, FO eta LAB sindikatuak elkartu dira aldarrikapenak ozen entzunarazteko. Martxaren bukaeran sindikatuen ordezkaritza bat errezibitu dute suprefeturan; sindikatu guziek parte hartu dute LABek salbu. «LABek beti zerbitzu publikoen hobetzea defendatu du. Hezkuntzan egiten ari diren aldaketak eragin handiak ekarri ditu», aipatu du Arño Aiçaguerrek, LAB Irakaskuntzako kideak.

Kalitatezko zerbitzua Kolegioen erreformaren kontrako iritzia plazaratzeko irakasleek ere mobilizazioan parte hartu dute.

«Erreforma arrunt desegokia iruditzen zaigu ikasleentzat; klase orduak murrizten ditu», salatu du FSU sindikatuko departamenduko idazkaria den Isabelle Soulék. CGTko tokiko agenteen departamenduko animatzailea den Denis Lartigouetiri plantan ezartzen ari diren neurriak «eskandaluzkoak» iruditzen zaizkio. «Badira sei urte ez dietela balio gehiago ematen gure soldatei, ezin onartuzkoa da. Hemen gaude erabiltzaileei eskaintzen zaion zerbitzua kontutan hartzen dugulako. Gero eta funtzionario gehiago nahiko genituzke kalitatezko zerbitzu baten eskaintzeko xedez», azaldu du.