NAIZ
DONOSTIA

Migrante eta errefuxiatuek dakarten hizkuntza-aniztasunari gorazarre egingo diote Donostian

Igandean ospatzen den Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira, Donostia2016k eta Euskal PENek egitarau berezia prestatu dute astebururako, migrante eta errefuxiatuek dakarten hizkuntza-aniztasunean begirada jarrita.

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako egitarauaren aurkezpena. (DONOSTIA 2016)
Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako egitarauaren aurkezpena. (DONOSTIA 2016)

Donostia2016ko eta Euskal PENeko ordezkariek agerraldia egin dute, igandean ospatzen den Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira asteburu osorako antolatu duten egitaraua aurkezteko.

Azaldu dutenez, azken urteotan egindako ikerketek erakusten dute Euskal Herrian bizi diren pertsonek ehun hizkuntza baino gehiago egiten dituzte. Hortaz, gure gizartean «mundua ikusteko eta azaltzeko ehun era baino gehiago» daudela azpimarratu dute, eta haiei guztiei omenaldia egin nahi diete, «migranteek eta errefuxiatuek ekarritako hizkuntza-abertasuna aintzatetsiz».

«Bizimodu hobe baten bila eta gerra eta zapalkuntzei ihesi, guregana etorri direnei eta etortzen ari direnei ongi etorri» esan nahi diete erakunde antolatzaileek eta, horrekin batera, aniztasuna ere ospatu.

Asteburu osoko egitaraua

Horretarako, Ongi Etorri izenburupean, egitarau oparoa antolatu dute larunbat eta iganderako (hilak 20 eta 21), 2016 Gunean, Europako Kultur Hiriburutzaren egoitzan.

Larunbat goizean, Mediterraneoaz bestaldetik Europara etorritako bi lagun izango dira protagonista, Kaissa Ould Braham Aljeriako kabiliar amaziga eta Rhodi Mellek Siriako kurdua. Kazetari, itzultzaile eta bestelako lan asko egindakoak dira, eta Katalunian eta Belgikan bizi dira egun. Euren herrien eta hizkuntzen egoeraz eta erbesteratuek aurkitzen dutenaz mintzatuko dira, Karlos Zurutuza GARAko kolaboratzailearekin batera, ‘Migrazioak, errefuxiatuak eta hizkuntza-aniztasuna mahai-inguruan’ (11.30ean).

Arratsaldean, ‘100 Ama Hizkuntza eta Euskal Herri bat’ solasaldia izango da, UNESCO Katedrako arduradun Itziar Idiazabalekin, Ainara Gorostitzu kazetariak gidatuta (18.00). Idiazabalek ama-hizkuntza kontzeptuaz luze hausnartu izan du, gaur eta hemen nola ulertu behar den azaltzeko. Gorostitzuk, berriz, Euskal Herrian diren etorkinekin hainbat lan egin ditu, ‘Aldamenekoa’ testimonio-liburua tartean.

Garabide elkartearen Beltzean mintzo dokumentala ikusteko aukera ere izango da larunbatean (19.30). Kooperazioaren eremuan hizkuntzaren garrantzia aintzat hartzen lan egiten ari den erakundea da Garabide, eta lan horren emaitza da dokumentala.

Europara begira, SUNS hizkuntza gutxituen festibaletik Martina Iori ladiniar kantaria izango da larunbat gauean, Zuriñe eta Fran Hesian taldeko kantariekin batera (22.00). Italiako Dolomitetan 50 mila lagunek hitz egiten duten hizkuntza erromanikoa da ladiniera.

Igandean, musika nagusi

Igandea irakurraldi musikatu batekin hasiko dute, Kaissa Ould Braham-en, Itxaro Bordaren eta Lutxo Egiaren eskutik, Asier Serranok gitarraz lagunduta (11.00).

Egitarauari amaiera emateko, mundu osotik Euskal Herrira etorritako lagunek hartuko dute hitza eta doinua, Banaiga Band - The Rolling Immigrants taldearen eskutik (12.00). Euskarazko eta munduko kantuen bidez, gure artean bizi diren euskal herritar berriak ezagutzeko aukera izango da, eta objektu, testu edo pasarte baten bitartez azalduko dute nondik datozen, zerk ekarri dituen eta zer aurkitu duten hemen.

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna

Etxean jasotako hizkuntzari egun berezia emateak 50eko hamarkadan izandako gertaerak ditu abiapuntu: 1952ko otsailaren 21ean, India zatitu eta urte gutxira, Pakistango gobernuaren aurkako protestak izan ziren Bengalan (egungo Bangladesh), urduera hizkuntza ofizial bakar izendatu zuelako, eta beraz, bengalerari zegokion lekua ukatu ziolako.

Horren ondorioz, lanpostu edota botere-gune askotatik baztertu zituzten milaka herritar. Manifestazioek errepresio bortitza izan zuten, eta ikasle-talde bat hil zuten.

Horregatik, hain zuzen ere, Bangladesheko Gobernuak esfortzu handiak egin zituen egun hori, otsailaren 21a, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izendatzeko.