@Maider Iantzi
DONOSTIA

Munduko kantu eta kontuak konpartitu dituzte euskara zubi hartuta

Zer erantzunen zenuke Euskal Herrian zenbat ama hizkuntza ditugun galdetuz gero? 120 zenbatu ditzakegu, etorkinek ekarri duten aberastasunari esker. Banaiz Bagara Elkarteak, Euskal Pen Klubak eta Donostia 2016k aniztasun hori ospatu dute Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean, eta euskara hizkuntza horien guztien zubi izan dadila aldarrikatu dute.

Munduko kantu ezberdinak abestu dituzte. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Munduko kantu ezberdinak abestu dituzte. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Donostia 2016 Gunean, aulkiak baztertu eta zutik jarri dira hainbat kulturatako lagunak. Atea zabalik da, eguzkia eta paseatzen dabilen jendea sartzeko. ‘Ikusi mendizaleak’ abesten hasi dira, berotzeko. Lehenengo momentutik sumatzen da gogoa eta indarra. Banaiz Bagara Elkarteak, Euskal Pen Klubak eta DSS2016k sustatutako ekitaldira batu dira Donostiako Kantu Jirako kideak eta Banaiga Band, giro ederra jarriz.

Petra Elser Banaiz Bagarako zuzendariak aurkezpenean azaldu duenez, Euskal Herrian 120 ama hizkuntza bizi dira eta elkartean euskara denen arteko zubi izan dadin lanean ari dira. Ekitaldian hizkuntza horietako hainbatetan kantatzeko aukera izan da, baita istorioak, proiektuak, jaiak eta kultura eta hizkuntzarekin lotutako kontu gehiago partekatzeko ere.

Kantu liburuxkak banatu dituzte, jatorrizko letrekin ez ezik, itzulpenekin ere bai. ‘Txoria txori’ eta ‘Trapu Zaharrak’ euskaldunekin batera, ‘This land is your land’ ingelesa, ‘Trink, trink, Brüderlein trink” alemana eta ‘Sa-mi canti cobzar’ errumaniarra abestu dituzte denek elkarrekin. Momentu ederrak eta hunkigarriak izan dira. Indartsuak ere bai.

Azerbaijaneko jaia

Abesti batetik bertzerako tartean lagun bat jarri da jendez osatutako borobilaren erdian eta bere herriko konturen bat kontatu du. Adibidez, Tarana Karim Azerbaijaneko emakumeak, gizarte ekintzailea, irakaslea eta itzultzailea bera, bertako jai garrantzitsu baten berri eman du. Udaberriari ongietorria emateko besta da eta martxoaren 20an ospatzen dute. «Familia eta lagunak elkartzen gara, Gabonetan egiten den bezala. Goxoki bereziak ditugu, fruitu lehorrak ere bai eta belar berria ikusten da etxe eta kaleetan, bizi berriaren sinbolo», agertu du.

Duela bi urte Malitik gurera etorritako Kala Konek, aldiz, gehiago kostata baina berak ere euskaraz, bere herriko karate selekzioko kidea dela eta aurten Bera Bera klubarekin batera karateko materiala bildu eta Maliko haurrei emateko proiektu solidario bat martxan jarri duela esplikatu du, karateko eskularru bat erakutsiz. Informazio gehiago eta laguntzeko aukera, honako linkean: http://www.clubbudokan.com/noticias/proyecto-solidario-bera-bera-mali/