NAIZ
DONOSTIA

EH Bilduk EAEko Udal Legea onartzeko «aukera historiko bat» ikusten du

EH Bilduk EAJrekin EAEko Udal Legea aurrera ateratzeko «aukera historiko bat» ikusten du. Hala ere, eta hainbat puntu adostu diren arren, «zatirik garrantzitsuenaren inguruan» akordiorik ez dutela lortu adierazi du Pello Urizar koalizioko bozeramaileak.

Pello Urizar aurreko agerraldi batean. (@EHBildu)
Pello Urizar aurreko agerraldi batean. (@EHBildu)

EAEko Udal Legea onartzeko «aukera historiko baten aurrean» daudela uste du EH Bilduk. Pello Urizar EH Bilduko bozeramaileak Donostian egindako agerraldian «lege propiorik ez duen erkidego bakarra» EAE dela gogoratu du. Honek «kalte handia» sortzen dituela azpimarratu du eta «estatuaren menpe» uzten dituela nabarmendu.

Bihar elkartuko da Legebiltzarrean Udal Legea aztertzeko lantaldea eta «korapiloa askatzeko beste aukera bat» ikusten du biharko bileran EH Bilduk. EH Bilduk eta EAJk legearen «zatirik garrantzitsuenaren inguruan» akordiorik ez dutela lortu adierazi du, nahiz eta «aurrerapauso handiak» eman direla iritzi duten.

«Finantziazioaren arloan adostasun batera heltzea ezinbestekotzat jotzen dugu, arlo horretan aurrera egin ezean ezerezean geratuko liratekeelako Udal Legearen inguruan adostu ditugun gainontzeko puntu guztiak», adierazi du Urizar.

Udalen finantziazioaren inguruan akordioa ixteko prestutasuna azpimarratu du Urizarrek, “eta aukerak ikusten ditu «egun dauden desadostasunak gainditu eta udalen behar eta nahi duten Udal Legea onartzeko eta aurrera ateratzeko». Koalizioak egin duen eskaintza bi ardatzetan oinarritzen da. Alde batetik larrialdi sozialeko laguntzak eman ahal izateko udalei finantza baliabide nahikoak eskaintzea eta bestetik udalen finantzazioarekin zerikusia duten organo guztietan udalek hitzez eta botoz parte hartu ahal izatea.