NAIZ

Sakabanaketarekin amaitzeko ekimen berria jarriko du martxan Etxeratek ostegunetik aurrera

Bi ildo desberdinetan hainbat ekimen brutuko ditu Etxeratek, dispertsioari amaiera jartzeko lanean. ‘Dispertsioaren hegiak’ dinamikaren baitan, alde batetik arlo instituzionalean akordioak lortzea izango du helburu, eta bestetik, arlo sozialean, hainbat hitzaldi prestatu dituzte gizarteari zuzenduta.

‘Dispertsioaren hegiak’ dinamika aurkeztu du Etxeratek. (ARGAZKI PRESS)
‘Dispertsioaren hegiak’ dinamika aurkeztu du Etxeratek. (ARGAZKI PRESS)

‘Dispertsioaren hegiak’ ekimena aurkeztu du Etxeratek, dispertsioarekin amitzeko pauso berri baten moduan. Azaldu dutenez, «egungo kartzela politikak ukitzen dituen bazter eta profil guztiak ikustarazteko ekimena da» eta horretarako bi ildo jorratuko ditu. Bata instituzionala, eta bestea gizarteari zuzendua.

Jone Artola Etxerateko bozeramaileak azaldu duenez, arlo instituzionalean, akordioak bilatuko dituzte, sindikatu, alderdi politiko eta beste eragile batzuekin ere. Bestetik, gizarteari begira, hainbat hitzaldi antolatuko dituzte, eta hauetako lehena ostegunean ospatuko da Bilboko La Bolsa gunean.

Hitzaldi hauen baitan, lehenengo geltokia haurrak eta dispertsioa izango dira. «Haur generazio ezberdinak bizitza osorako kolpatzen daraman salbuespen politika honen hartzaileak ere badira adin gabeak», azaldu dute. «Ikasketak eta garapen sikologikoa baldintzatzen ari zaien umeak dira, kartzeletarainoko ibilbide luzeei ikasketak gehitu behar zaizkielako. Bisiten segidan bidaiari ekin behar diote berriz», gehitu dute. Honela, erlazio «normal» baten ezintasunean, bidaia luzeak egitera behartzen zaiela azpimarratu du Artolak. «Begiratzen den arlotik begiratuta ere, kolektibo hau besteak baino babesgabeago aurkitzen da sakabanatze politikaren aurrean», adierazi du.

Era berean, familia bizitza eskubidea urratzen duela nabarmendu dute. «Eragin zuzena du ikasketa errendimenduan, garapen fisiko eta sikologikoan eta adingabekoen babesean». Eta bidaiek suposatzen duten bizi arriskua ere ez dute albo batera utzi nahi izan, duela lau urte Mikel Egibar euskal preso politikoaren semeek eta emazteak izan zuten istripua gogora ekarrita.