Amagoia Mujika Telleria

Aldarrikapenak eta euskal presoen lanak pertxetan eta apaletan jasoak

Jantzi daitezkeen aldarrikapenak eta euskal presoek eskuz eta mimoz egindako lanak. Donostiako Amara Zaharrean dagoen Haziak herri dendan material oso berezia saltzen da, pertxetan eta apaletan txukun jasotzen diren istorioak eta bizipenak nagusiki. Zortzi hilabete daramatza martxan, martxa onean, baina bultzada guztien beharra izango du.

Amara Zaharreko arroka kalean, ezkutu samarrean, dago Haziak herri denda. Zortzi bat hilabete daramatza martxan eta pixkanaka ari da bidea egiten. Maitane Sagastumek hartu gaitu, bera arduratzen baita denda berezi horrekin.

«Lagun talde batek zabaldu dugu denda, hutsune bat zegoela iruditzen zitzaigulako eta horrelako denda baten beharra ikusten genuelako. Alde batetik, badago merkataritza eta kontsumoa egiteko modu desberdin bat. Beste aldetik, ikusten dugu espetxeetan sekulako artelanak egiten direla baina gehienetan ez daukatela irtenbide askorik. Gehienak oparitu egiten dira, tarteka erakusketaren bat egiten da... Presoei leiho bat eskaini nahi genien egiten dituzten lanak erakusteko eta saltzeko, zergatik ez?». Izan ere, euskal preso gehienei arraro samarra egiten omen zaie haien eskulanak saltzearen ideia, «iruditzen zaie beren lanek ez dutela saltzeko adina balio. Erreparoa ematen die. Baina sekulako artelanak egiten dituzte, dendan ditugunak ikusi besterik ez dago. Sekulako balioa duten lanak dira, eta salgarriak. Artista handiak ditugu espetxeetan. Zergatik ez saldu haien lanak?», nabarmendu du Sagastumek.

Esaterako, Haziak dendan presentzia izugarri ederra hartzen du Zigor Merodio euskal presoak egindako eskulturak; orbainak dituen lurrean hazten ari den hazia irudikatzen du. «Eskultura espresuki egin du Zigorrek dendarako eta hori ez dago salgai, hori dendakoa da», zehaztu du Maitane Sagastumek.

Eragileentzat erakustokia

Herri mugimendu eta eragileentzat ere erakustoki izan nahi du Haziak dendak. «Eragile horiek guztiek materiala sortzen dute; kamisetak, txapak, poltsak... eta horiek erosteko tokia falta zela ikusten genuen. Manifestazio batean edo jai batean eros daitezke, baina, hortik kanpo, non? Batzuetan ematen du materiala sortu eta biltegi batean gordetzea gustatzen zaigula. Materiala egon badago, polita da, salgarria da eta askotan biltegietan geratzen da gordeta», iritzi dio Sagastumek.

Haziak herri denda dagoen guztia ikusteko denbora behar da. Gehienak kamisetak dira, eragile guztien kamiseta erreibindikatzaileak; Esait, Askapena, animalistak, Bilgune Feminista, kurduen lagunenak, Libre ekimeneko kamisetak... Askotariko mezuak dituzten kamisetak eta jertseak topa daitezke.

Horrez gain, askotariko pitxiak topa daitezke, asko eta asko euskal presoek eskuz eginak; pultserak, katiluak, belarritakoak, eraztunak, galtzerdiak, txapelak, bufandak, eskulanak, armarriak, agendak...

Ataramiñe bildumako liburuak ere topa daitezke, euskal presoen sorkuntza lanak biltzen dituena, baita Mikel Orbegozoren komiki guztiak ere. Hain juxtu, dendaren irudia bihurtu den marrazkia Orbegozorena berarena da.

Gehienak, presoen aldekoak

Aldarrikapenak janzten segitzen omen du jendeak: «Presoen etxeratzea eskatzen duten kamisetak dira gehien saltzen direnak. Dagoeneko agortu zaizkigun bi modelo izan ditugu, asko saldu direnak. Pakito Arriaranen beste bat ere izan dugu, internazionalismoaren ingurukoa, oso ondo saldu dena. Adin guztietako jendea gerturatzen da eta bakoitzak bere gustuak ditu. Gazteenek sare antifaxistaren gauzak nahi dituzte, eta, helduxeagoak, Etxerat elkarteko gauzak. Badaude desberdintasunak adinaren arabera».

Aldarrikapenak kamisetan edo jertsean duen presentziak eta tamainak ere badauka garrantzia. «Lan egiten duzun tokiak badauka eragina. Badago jendea aldarrikapen kamiseta bat eraman nahi duena, benetan sentitzen duelako eta horren alde dagoelako, baina zerbait diskretua eta txikia nahi du. Eta badira ere pankarta moduko aldarrikapena nahi dutenak; horietako asko kanpotik etorriak izaten dira, kataluniarrak esaterako», kontatu du.

Azken asteetan Askapenako kamisetak eta zapi palestinarrak asko saldu dira. Eta abenduan Joseba Arregi Erostarberen “Burdin Elorri Arantzetan” eta Mikel Orbegozoren “Ilargiraino” liburuak izugarri saldu omen dira.

Zortzi hilabeteko bidea egin du Haziak dendak eta pozik daude sortzaileak, nahiz eta badakiten bultzada behar duela aurrera egiteko. «Jende asko gerturatzen da. Presoen senideak ere etortzen dira haien senideen lanak salgai daudela ikustera eta une hunkigarri asko sortzen dira».

Maitane Sagastumek garbi dauka zein den helburua: Euskal Herri mailan erreferente bihurtzea, kamiseta bat nahi duenak edo opari eder bat egin nahi duenak jakin dezan Haziak herri dendan aukera asko topatuko dituela. Eta, bestetik, euskal presoei deia luzatzea: «Eskutitzak bidali ditugu, senideekin bildu gara... baina oso zaila da guztiengana iristea. Presoei deia luzatu nahi diet, beren lanak bidal ditzatela, ateak zabalik dituztela hemen. Eta ez dezatela lotsarik eduki. Beren lanek sekulako balioa dute eta bidal ditzatela hona saltzera senideen bidez. Gainera, irabazien zati bat senideentzat da. Laguntza txikia izango da, baina laguntza. Senideei deitzen diedanean lan bat saldu dela kontatzeko sekulako ilusioa egiten die».

Haziak herri dendak Facebook orrialdea dauka eta horren bidez eros daiteke. «Gure hurrengo erronka on line denda bat muntatzea da», aurreratu du.

Beste primizia bat ere eman digu Maitane Sagastumek. «Mikel Orbegozok izugarri marrazki politak bidali dizkigu eta udaberriari begira kamisetak atera nahi ditugu diseinu horiekin».

Haziak herri dendako apaletan denetarik topa daiteke, lehen begiratuan ikusten ez diren istorio eta bizipenak nagusiki.