@Maider Iantzi
Pasaia

Pasaiako sarraskia argitzeko eskatu dute senide eta abokatuek

1984ko martxoaren 22an Espainiar Poliziak Pasaiako Badian hil zituen Dioni Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas-en hainbat senide bildu dira gaur eguerdian herri honetako Victor Hugo etxean, belaunaldi ezberdinetakoak, abokatuekin batera, auzia ez ixteko eta argitzeko eskatzeko. «Ez dugu etsiko gure senideekin egin zen bidegabekeria edo injustizia aitortzen ez den arte», baieztatu dute.

Agerraldia egin dute Pasaiako sarraskia argitzeko eskatzeko. (ARGAZKI PRESS)
Agerraldia egin dute Pasaiako sarraskia argitzeko eskatzeko. (ARGAZKI PRESS)

Victor Hugo etxeko aretoa leporaino bete da senidez. Adin guztietakoak daude, Pasaiako badiako sarraskia ezagutu zutenak eta gertaera hura denboran urrun dutenak. Lagun dituzte Miguel Castells eta Santiago Gonzalez, baita herritarrak ere.

Dioni Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas-en familiek duela ia 32 urte Espainiar Poliziak Pasaiako portuan prestatu zuen segada oroitu dute: «Poliziak tiroka josi zituen gure senideak. Paco Etxeberria forentseak egin zuen autopsiak erakusten duen moduan, gure senideen gorputzetan 113 bala-zulo aurkitu zituzten». Erantsi dutenez, zenbait tiro posta kartutxoekin eta distantzia laburrera egindakoak ziren, bi metro ingurura.

Gertaeren lekuko izan zen Joseba Merinoren arabera, Poliziak 'altoa' eman eta deusetarako astirik eman gabe Isart eta Izura hil zituen. Ondotik, Merino bera, Delas eta Aizpuru atxilotu zituen eta azken biak Josebaren aitzinean fusilatu zituen.

«Larriak bezain ankerrak izan ziren gertaerak». Baina, salatu dutenez, «inoiz ez da egon hauek argitzeko benetako interesik». Hala, «sufrimendua, ezintasuna eta inpotentzia» gailendu zaizkie senideei urteotan guztietan.

Egia jakiteko eskubidea

«Ez diegu gure ondorengoei kontatu nahi guk ez dugula eskubiderik egia jakiteko, edo justizia aldarrikatzeko, edo errekonozimendua merezi izateko. Ez ditugu politikariak bakeaz eta elkarbizitzaz hitz egiten entzun nahi gu erabat baztertuta eta ahaztuta gauzkaten bitartean. Auziak zabalik segi dezan nahi dugu, eta benetan ikertu dadila, gertaerak benetan nola izan ziren argitu arte», adierazi dute familiek.

Santiago Gonzalez abokatuak egia jakiteko eskubide honen garrantzia azpimarratu du, «ez bakarrik familiena, baita herriarena ere». Ondotik azaldu du Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, auzia artxibatu arren, delitu zantzuak badirela ebatzi duela. «Baina esan du ezin dela topatu egileen nortasunik». Abokatuek uste dute badirela egileak zein diren ikertzeko aztarnak ere. Adibidez, operazioan parte hartu zuten brigadetako partaideen nortasunak jakiteko eskubidea dutela agertu du, baina eskubide hori ukatu diete Epaitegiak zein Gipuzkoako Entzutegiak.

Jose Bono PSOEko buruzagietako baten "Les voy a contar" liburuan ere pistak badirela erran du, bertan kontatzen delako, alderdi bereko bertze buru baten, Jose Leguinaren hitzak aipatuz, PSOEko eta EAJko kideek egin zuten bilera baten berri. Han PSOEkoek jeltzaleei abisatzen omen zieten Enrique Casas senataria atentatuan hil izanak mendekua ekarriko zuela. Handik gutxira gertatu zen Pasaiako sarraskia.

Beraz, Gonzalezek dei egin die bileran parte hartu zuten bi alderdietako orduko kideei zerbait baldin badakite kontatzeko.

Azkenik, Miguel Castellsek Pasaiakoa «Franco hil ondorengo Estatu krimenik handiena» izan dela azpimarratu du eta Estatuak ez duela bere burua ikertzen ohartarazi du, ezta Poliziak bere burua ere. «Aurreko erregimenarekin ez dela eten» gaineratu du eta «abokatu eta herritar bezala Estatu krimen honen egile, konplize eta estaltzaileei zuzendu» zaie: «Argi izan dezatela ez familiek, ez herriak eta ezta bertako instituzioek ere ez dutela etsiko egia, justizia eta erreparazioa lortu arte». Txalo zaparrada indartsu batekin bukatu da ekitaldia.

Hainbat ekitaldi

Pasaiako sarraski hartan bizia galdu zuten lau lagunak oroitzeko eta kasuak irekita segitzeko eskatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte eta bertara gonbidatu dute jendea. Alde batetik, Azpeitian, Aizpuru eta Isarten herrian, mozioa aurkeztuko dute Udalbatzan datorren asteartean. Ostiralean, aldiz, elkarretaratzea eginen dute herriko plazan.

Martxoaren 8tik 29ra erakusketa zabalduko dute San Agustin kulturunean; martxoaren 19an, 19.00etan urteurreneko ekitaldia izanen da herriko plazan eta 22an, lore eskaintza monolitoan.

Txantrean, Izura eta Delasen herrian, erakusketa irekita dago liburutegian ostegunera arte. Martxoaren 12an mendi martxa eginen dute Hondarribitik Pasaira eta gero, 16.30ean, ekitaldia badian.