NAIZ
BAIONA

Lan erreformaren aurkako protesta eguna Estatu frantsesean

Gobernuak aurrera atera nahi duen lan erreformaren kontrako mobilizazioak antolatu dituzte asteazken honetan Estatu frantsesean. Ipar Euskal Herrian, egitasmoaren aurkako kolektibo bat sortu dute eta, Baionan manifestazioa egiteaz gain, «borrokaren segida» aztertzeko biltzar nagusi bat burutuko dute.

Lan erreformaren aurkako mobilizazioa egin dute Baionan, euripean. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Lan erreformaren aurkako mobilizazioa egin dute Baionan, euripean. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Iragan astean Manuel Valls lehen ministroak lan erreformaren aurkezpena «hamabost egunez» atzeratu zuela iragarri zuen, baina erabaki horrek ez du sektore sozial eta sindikatu anitzen haserrea lasaitu; egitasmoak eragingo lukeen eskubide murrizketaren kontra daude. Hitzarmenaren aurka aldarri egiteko, mobilizazioak deitu dituzte gaurko egunerako Estatu frantsesean.

Baionan manifestazioa egin dute goizean lan erreformaren aurka, euripean. France 3 Pays Basquek jakinarazi duenez, poliziaren arabera 1.400 pertsona bildu dira eta, antolatzaileen arabera, 3.500.

Lan erreforman langileen eskubideak nabarmen kaltetuko dituela eta prekarietatea ekarriko duela salatu dute.

Lege proiektua erretiratzen den arte mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi dute.

Ipar Euskal Herrian hamalau bat erakunde, sindikatu eta elkartek egitasmoaren aurkako kolektibo bat sortzea erabaki dute.

«Proiektua kendu arte mobilizazio orokorra antolatzeko» kolektiboa martxoaren 4ean sortu zuten. Gaurko mobilizazioez haratago, «borrokak segida» bat izanen duela iragarri dute.

Gobernu frantsesak «amore eman dezan indar harremana beharrezkoa da eta orain dugu prestatu behar», nabarmendu dute. Kolektiboak «informatzeko, sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko» helburua duela nabarmedu dute.

Arlo ezberdinetan eztabaida bultzatuz, «indar metaketa» horri garrantzia ematen dio. «Denak batera mobilizatuz gero, gobernamendua beren eskupean duten nagusi handi bakar batzuk baino ahaltsuagoak gara!», erantsi du.

Arratsaldean, aurrerantzean eman beharreko pausuez hausnartuko dute Baionako Lan Burtsan eginen den biltzar nagusian.

CGT, FO, FSU, Solidaires, UNEF eta UNL sindikatuek garraio publikoetan eta trenbideetan grebara deitu dute gaur. Halaber, historikoki PS-ari lotuak diren hainbat gazte erakundek (MJS, UNEF, UNL eta FIDL) ere mobilizazioak egingo dituzte dituzte.

Greba eta mobilizazioak

Martxoaren 7 eta 8 bitartean, Myriam El Khomri Lan ministroa eta Valls lehen ministroa arlo sozialeko ordezkariekin bildu dira. Heldu den martxoaren 14ean guziek bilkura batean parte hartuko dute.

 

Erreformaren pasarte batzuk «aldatzearen» alde agertu diren sindikatuek (CFDT, CFE-CGC, UNSA, CFTC) elkarretaratzeak antolatu dituzte martxoaren 12an; bilkura bateratua baino bi egun lehenago.

Ipar Euskal Herriko kolektiboa osatzen duten eragileak honakoak dira:

CGT Cheminots Hendaia et Donibane Lohizune, CGT cheminots Baiona, CGT hôpital, CGT territoriaux Biarritz, LAB, Solidaires, Aitzina, AKM (Amis de Karl Marx), ATTAC Pays Basque, EELV, EH BAI, Ensemble Pays Basque, Indar beltza, La Commune, NPA Pays Basque eta Ezkerreko alderdia.