NAIZ
DONOSTIA

Udaletan egiten ari den lana aldarrikatuko du EH Bilduk Egiarako Eskubidearen Egunean

Egiarako Eskubidearen Nazioarteko Eguna da biharkoa eta, hitzordu horren harira, udal desberdinetan eremu horretan egindako urratsak nabarmendu ditu EH Bilduk eta gainontzeko egunetan ere «egia osoaren» alde lanean jarraitzeko prestutasuna agertu du.

Julen Arzuaga eta Eneko Etxeberriaren agerraldia, Donostian. (@ehbildu_legebil)
Julen Arzuaga eta Eneko Etxeberriaren agerraldia, Donostian. (@ehbildu_legebil)

Koalizio abertzaleko legebiltzarkide Julen Arzuagak eta Azpeitiako alkateak, Eneko Etxeberriak, agerraldia egin dute Egiarako Eskubidearen Nazioarteko Egunaren harira EH Bilduren irakurketaren berri emateko.

Gogoratu dutenez, bihar, martxoak 24, Oscar Arnulfo Romero erlijioso eta giza eskubideen defendatzaile salvadortarra hil zuten eskuin muturreko eskuadroiek. «Egunaren helburua da giza eskubideen bortxaketa larrien eta sistematikoen biktimen memoria sustatu eta egia eta justiziaren balioak azpimarratzea» dela nabarmedu du EH Bilduk. Horrez gain, gaineratu dute Nazio Batuen Erakundeek eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kultural guztiak aldarrikatzen dituela biharko egunean. Aldarri horiekin guztiekin bat egiten duela azpimarratu du EH Bilduk.

Egia osoa ezagutu behar dela argi adierazi dute koalizioko ordezkariek: «ezagutu behar ditugu herri honetan egondako giza eskubideen bortxaketa guzti-guztiak, bortizkeriaren gertakizun guztiak, konpondu ahal izateko, biktimak aitortzen eta erreparatuz». Egia bere osotasunaean mahaigaineratzeko beharra azpimarratu dute, «altxamendu faxistatik gaur arte». 

Egia hori ezagutzeko bidean justizia espainiarrak jartzen dituen oztopoak salatu eta gero, zenbait udaletan egiten ari diren lana goraipatu dute EH Bilduko kideek, adibidez, Errenterian, Hernanin, Larrabetzun, Otxandion, Lemoan, Urduñan, Azpeitian edota Zuian.

Jarrera hori orokortu nahi duela azaldu du koalizio subiranistak, «azterketa hauetan sakondu, gure iragan gertua hobeto ezagutzeko ikerketak bultzatu, gure herrietan sufritu duten familiengana hurbildu, euren bizipenetara gerturatu. Euren egia jakin eta transmititu».

Zentzu horretan, Egiaren Eguna ere udaletan presente egongo dela azaldu dute, egia osoa ezagutzeko konpromisoaren berri emango duten karteltxoak jarriz.

«Gure prestutasun osoa adierazten dugu martxoaren 24ean eta urteko gainontzeko egunetan ere egiaren alde lan egiten jarraitzeko», nabarmendu dute.