NAIZ
BILBO

Martxoak 1.596 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Martxoaren amaieran, aurreko hilabetean baino 1.596 pertsona gutxiango zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, Enplegu Ministerio espainiarrak jakinarazi dituen datuen arabera. Orotara, 198.055 pertsona daude enplegu bulegoetan izena emanda.

Emakume bat, Lanbideren bulegoan sartzen, Errenterian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Emakume bat, Lanbideren bulegoan sartzen, Errenterian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerioaren arabera, martxoak 1.596 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian.

Jaitsierarik nabarmenena Araban jazo da, 1.160 pertsona gutxiago zeudelako enplegu bulegoetan izena emanda (%4,40ko jaitsiera). Iazko datuekin alderatuta, 2.712 langabe gutxiago daude Araban, hau da, %9,71 gutxiago.

Nafarroan, 977 lagunek aurkitu zuten lana martxoan, langabezia erregistratuaren tasa %2,17 jaitsiaraziz. 2015eko hilabete berean baino 4.308 langabe gutxiago daude Nafarroan (%8,90 gutxiago).

Gipuzkoan, %0,48 egin du behera langabezia erregistratuaren tasak, 200 pertsonek aurkitu baitzuten lana martxoan. Iazko datuekin alderatuta, 5.708 langabe gutxiago daude (%10,48).

Hego Euskal Herrian, Bizkaian bakarrik egin du gora langabezia erregistratuak martxoan, 741 pertsona gehiago baitzeuden hilabete bukaeran enplegu bulegoetan izena emanda, hau da, %0,86ko igoera. 2015ko hilabete berarekin konparatuta, %10,02 egin du behera tasak (9.679 langabe gutxiago).

Orotara, martxoaren bukaeran 198.055 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda.

Estatu mailan, aurreko hilabeteko datuekiko, %1,4 egin zuen behera langabezia erregistratuak martxoan, hau da, 58.216 langabe gutxiago.