@Maider Iantzi
DONOSTIA

Autobusak gidaririk gabe dabiltza jada Miramongo parke teknologikoan

Ez da etorkizuna, oraina da dagoeneko, eta gaurtik nahi duenaren esku dago gidaririk gabeko autobusean buelta bat ematea, Donostian, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan. Hiru ibilgailu elektriko txiki dira, 10 lagunentzako lekua dute eta 12 kilometro orduko abiaduran 2 kilometroko ibilbidea egiten dute. 10 geldialdi dituzte eta hiriko ohiko autobusekin bat egiten dute.

Ikusmin handiarekin bete du bere lehen zerbitzua CityMobil autobus txikiak. Lehendabiziko geltokia Eureka! zientzia museoa du. Bertan ohiko busekin elkartu da, 28 eta 17 lineekin. Atea bakarrik ireki da nahi duena jaisteko, eta aitzinera segitu du, 2 kilometroko ibilbidea osatu eta hasiera puntura itzuli arte.

Mantso doa ibilgailua, 12 kilometro orduko abiaduran; azkarrago balihoa beldur pixka bat sentituko genuke agian, ez gaudelako ohituta gidaririk gabe errepidean ibiltzen. Baina, Iñaki San Sebastian Tecnaliako zuzendariak ohartarazi duenez, «aldaketa handi baten atarian gaude», garraioa, mugikortasuna eta hiri eredua aldatuko dira.

Eta aldaketa horren aktore izan nahi duten Europako hainbat bazkidek parte hartu dute CityMobil proiektuan, tartean dira Tecnalia bera, Novadays, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoa eta Donostiako Udala. Aurkezpenean nabarmendu dutenez, hirietako garraio sistemak hobetzeko baliatu nahi dute teknologia, eraginkorrago eta jasangarriago egiteko.

Novadays-eko zuzendariak, Maria Izaguirrek, kontatu duenez, jada Europako bertze sei hiritan probatu da autobusa, Oristanon (Italia), Lausannen (Suitza), La Rochellen eta Sophia Antipolisen (Estatu frantsesa), Trikalan (Grezia) eta Vantaan (Finlandia). Toki horietan izan duen harrera ona izatea espero dute Donostian ere.

Laborategi bat

Prentsaurreko jendetsuan argitu dutenez, autobus honekin ez da parkeko garraioa soluzionatzen, honekin ez da deus bukatzen; fase bat da, laborategi bat, ibilgailu automatizatuak hirigunean eta garraio publikoko zerbitzu erreal batean nola txertatzen diren aztertzeko eta horretan sakontzeko.

Hiru hilabetez Miramon parkea izanen dute probaleku. Horretarako bertako bideak egokitu eta prestatu dituzte, bertzeak bertze aparkalekuak aldatuz. Ekainean nazioarteko topaketa eginen da bertan eta orduan jakinaraziko dituzte emaitzak.

Bitartean, gonbidatuta dago jende guztia autobus hauetara igotzera. Doakoa da zerbitzua. Parkeko eraikin nagusian (Mikeletegi, 53, Miramon) hasita, 2 kilometroko bidea egiten du, hamar geldialdirekin, etenik gabe, 7.30etik 19.30era.

Hagitz GPS zehatza

Funtzionamendu teknikoari dagokionez, Jesus Murgoitio Tecnaliako proiektu zuzendariak esplikatu duenez, teknologia desberdinen baturak egiten du posible garraio hau. Horietatik garrantzitsuena GPS berezi bat da, hagitz zehatza. Robot baten antzera funtzionatzen du, sentsoreak ditu eta ibilgailuren bat edo pertsonaren bat hurbiltzen ari dela detektatzen badu abiadura moteltzen du eta, behar baldin bada, gelditu egiten da.

Dena teknologikoa balitz ez legoke beharrik segur aski, baina tartean pertsonak sartzean beharrezkoa da, zer gerta ere, langile bat egotea denbora osoan autobusean. Honek, behar izanez gero, ibilgailuaren kontrola hartuko du. Bidean goazela kubo antzeko bati erreparatu diogu. Kontrol zentroa da. Bertatik zaintzen dituzte, wifi bidez, hiru ibilgailuak. Denbora errealean egiten dute ibilbidearen jarraipena eta argibideak ematen dizkiote ibilgailu bakoitzari.