Yannick PASQUET

Orduko euro bat ematen die Berlinek errefuxiatuei «lan txikiak» egiteagatik

Alemaniara iritsi eta asilo politikoa eskatu duten errefuxiatuek ez dute lan egiteko aukerarik beren egoera aztertu bitartean, legediaren arabera. Gobernuak, iritsi berriak bertara egin daitezen, «lan txikiak» egiteko aukera eskaini die: euro bat orduko.

Elikagaiak banatu, oheak konpondu edo landareak ureztatu. Tankera horretako «lan txikiak» eskaintzen dizkiete Alemaniara iritsi diren errefuxiatuei, bertara egin daitezen. Soldata bera ere txikia da: euro bat orduko. Horrexek eragin du begirale batzuek neurri hori salatzea, gerra atzean utzi duten pertsonak herrialdeko lan merkatuan sartzeko inolako eraginkortasunik izango ez duelakoan.

Zaid irakiarrak 23 urte ditu. Burruntzalia eta espatula ditu eskuetan. Erretiluari tapa kendu eta kroketak eta goulasha ageri dira: haragia, fideoak eta barazkiak dituen erregosia, piperrauts eta beste espeziekin ondua. Goulashak Hungarian jatorria duen arren, Alemanian ere prestatzen dute. Errefuxiatu bakoitzari berea ematen dion bitartean, janari horren nondik norakoak azaltzen dizkie gainerako asilo eskaleei. Oso plater «alemana» dela nabarmentzen du irakiar gazteak.

Arratsaldeko 18.30ean hasten zaio lana Zaidi, eta 20.00etan bukatu. Berlingo hiriak eman dio lana: Siria, Irak, Afganistan eta Moldaviatik etorritako 152 errefuxiatuei afaria ematen die Alemaniako hiriburuan iheslariak hartzeko egokitu duten gimnasio batean. Soldata oso txikia den arren, gazteak oso gustura egiten du lan, irribarretsu: «Hemen bizi diren alemaniarrekin harremana izatea ahalbidetzen dit lanak, boluntario moduan lan egitera etortzen dira eta nik alemanez egiteko aukera izaten dut», adierazi digu Hilla hiritik orain sei hilabete aitarekin eta arrebarekin ihes egin behar izan zuen gazteak. «Dagoeneko ez naiz ibiltzen hirian batetik bestera, zer egin ez dakidala».

Bera bizi den lekuan momentu batzuetan aspertzeak arazoak eragiten ditu. Edozein txikikeria nahikoa izan daiteke errefuxiatuak beraien artean garraisika hasteko, eta kasu batzuetan borrokan ere ibili izan dira.

Berlinen 3.925 errefuxiaturi eman dizkiete tankerako lanak. Hiriburuan dauden 75 harrera zentroetan aritzen dira lanean.

Hiriburuko agintarien kudeaketa askok salatu zuten orain hilabete batzuk, iristen zen errefuxiatu kopuruak gora egin zuenean. Orain orduko euro bat eskaintzen duten lanen aukera handitu nahi dute, onura publikoa deklaratuta duten elkarteek baliatu ditzaten.

Bavaria hego-ekialdeko estatu federalean une honetan 9.000tik gora dira antzeko lanak dituzten iheslariak. Hannover Saxonia Behereko hirian, berriz, errefuxiatuei bizikletak konpontzen, arropa sailkatzen eta umeei haurtzaindegiko bidean laguntzen lan egiteko aukera ematen diete, alemanezko klaseak hartzearen truke.

Andrea Nahles Alemaniako Lan ministroak errefuxiatuei zuzendutako tankerako 100.000 lanpostu sortuko zituela agindu zuen. Euro bat orduko eskaintzen duten «minilanak» orain hamarren bat urte sortu ziren Alemanian, lan merkatuan egindako erreforma baten eraginez. «Epe motzean bidezko neurria da, bestela errefuxiatuek ez baitzuten lan egiteko inolako aukerarik izango», azaldu du Ronald Bachmann Essen hirian egoitza duen RWI institutuko ekonomialariak.

«Mezu politiko argia»

Asilo politikoa eskatu duten errefuxiatuen egoera aztertu bitartean, legediaren arabera pertsona horiek ez dute legalki lan egiteko aukerarik. Beraz, «lan txikiak» irtenbide egokia izan daitezke. Gainera, Ronald Bachmann ekonomialariak nabarmendu duenez, «errefuxiatuak lanean ikusteak mezu politiko argi bat bidaltzen du», Alemaniako Estatuak etorkinei laguntza ematea salatzen duten eskuin muturreko indarren diskurtsoarengatik.

Luzaroko langabeentzat diseinatu zuten «lan txikien» egitasmoa orain urte batzuk, baina azken bolada honetan ia erabat ahaztuta zituzten guztiek. «Izan ere, oso zaila da lan horiei esker herritar bat lan merkatuan sartzea, hor ez baitute ia ezer ikasten», dio Bachmannek.

Reiner Hoffmann DGB Alemaniako Sindikatuen Federazioko presidentea lan horien aurka dago. Bere ustez, Alemaniak programa anbiziotsuagoak behar ditu errefuxiatuak lan merkatuan sartu nahi badira.

Ildo horretan, Holger Schafer IW Institutuko adituak uste du «programak lan merkatutik errefuxiatuak baztertzeari laguntza ematen diola».

Edonola ere, Zaidek badaki egungo egoera ez dela betiko. Iraken utzi behar izan zituen Informatika ikasketekin Berlinen jarraitzeko itxaropena dauka.

 

«Sirian utzi nuena berreskuratzea da Hemen gidari izatea»

«Asko maite nuen Sirian nuen lana. Orain hemen gidari izatea da, nolabait, Sirian utzi nuena berreskuratzea», esan du Mohamed al-Subeehk. Berlingo Bode museoan egiten du lan, iazko abuztuan ihes egin ondoren: 23 eguneko amesgaiztoa pasatu zuen, amesgaizto okerragoa atzean uzteko. Oso pozik dago, Alemaniako museo batean lan egiteko aukera sortu zaiolako. Berlingo museoen sareak errefuxiatuak kontratatzea erabaki zuen, eta Subeehri loteria tokatu zitzaion. Kefah Ali Deeb ere gidari da, Pergamo museoan. Baxar al-Assadek lau aldiz eduki zuen preso eta orain emakume honek beste errefuxiatuei azaltzen die beren kultura propioa.AFP