@aagirrezabal
IRUÑEA
Elkarrizketa
Hector Barandika
‘Gazte Boterea Eraiki’ jardunaldietako antolatzaileetako bat

«Ezkerreko mugimendu iraultzaileetan ere onartuta dago gazteriaren dinamikak zapaltzea»

Iruñerriko gazte talde ezberdinek ‘Gazte boterea eraiki’ jardunaldiak antolatuko dituzte gaurtik hasita eta ekainaren 11 bitarte. Bertan autogestioa, kolektibizazioa eta burujabetza landuko dira eta alternatiben beharra sustatu. IRUINDARRA NAIZek Hector Barandika antsoaindarra, antolatzaileetako bat, elkarrizketatu du Iruñeko Konpainia plazan, non ekainaren 11an jardunaldien amaiera ekitaldi nagusia ospatuko duten.

Hector Barandika, ‘Gazte Boterea Eraiki’ jardunaldietako antolatzaileetako bat. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Hector Barandika, ‘Gazte Boterea Eraiki’ jardunaldietako antolatzaileetako bat. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Lehen galdera derrigorrezkoa da, zer da gazte boterea?
Helduen botereen zapalkuntza bat dagoela ulertzen dugu, gazteok pairatzen duguna. Mundura etortzen gara ideia batzuekin, gizarte eredu jakin batekin, sistema eta baldintza batzuekin eta korronte historiko hau haustearen beharra ikusten dugu.

Helduen boterearen isla ere ikus dezakegu ezkerreko mugimendu iraultzailetan. Hor onartuta dagoen diskurtso kontserbadore bat da esperientziaren aitzakipean gazteriaren dinamikak zapaltzea. Gazteon prekaritatean lagundu eta gure burujabetasuna erasotzen du. Horren aurka antolatzeko eta borrokatzeko ahalmena da gazte boterea.

Hau indartzeko jardunaldi batzuk antolatu dituzue.
Alde batetik, Euskal Herria mailan, Gazte Mugimenduak topaketa batzuk antolatu ditu udazkenerako, non alternatiben inguruan arituko diren. Bertan autogestioa, kolektibizazioa eta burujabetza landuko dira eta Iruñerrian beharra ikusi genuen eragile eta pertsona ezberdinen artean zerbait propioa egiteko. Auzo eta herrietako gazte mugimenduei zuzendutako tresna bat da. Proiektu eta alternativa ezberdinak ekarri eta baita saretzeko eta elkar ezagutzeko balio behar duen esparru bat.

Nork antolatzen ditu?
Eragile ezberdinak elkartu gara jardunaldi hauen inguruan. Bertan Ernai, Gazte Anarkistak, Iruñeko Talde Komunala, Iruñeko Gaztetxea edo Ikasle Abertzaleak bezalako eragileek hartu dute parte, besteak beste.

Zeintzuk dira helburuak?
Elkarbanatzen dugun azterketa da kapitalismo heteropatriarkalak gure bizitzaren eremu guztiak eta eremu produktibotik menperatzen dituela; kontsumoan, harremanetan eta kultura-aisialdian ere presente dago. Honen aurrean, borroka integrala ahaztu gabe, gaurdanik gure bizitzaren esparru horietaz berjabetu behar garela ulertzen dugu eta proiektu eta eraikuntza lanetan jarri behar gara. Argi dago zeren kontra gauden, baina zer egiteko prest? Gure bizitzako alor ezberdinen jabe izateko beharra dugu.

Egitarauari errepaso bat emanez, ikusten da auzo eta herrietara hedatu nahi izan duzuela.
Iruñerria oso eskualde anitza da, errealitate ezberdinekin. Eta hori ere gazte mugimenduaren baitan ere ikusten da. Hori dela-eta, ulertzen genuen ezin zela espazio zentralizatzaile batean gauzatu. Leku ezberdinetan garatu behar genuela ondorioztatu genuen eta auzo eta herri horiei protagonismoa eman.

Zein egoeratan dago gazte mugimendua Iruñerrian?
Hau iritzi pertsonalagoa da, baina une aproposa da jardunaldi hauen bitartez bultzatzen dugun filosofia txertatzeko. Eraikuntza eta ofentsiba parametro batzuetan kokatu behar gara eta gure egunerokotasunean proiektuak modu kolektiboan eraiki. Une egokian gaude orain. Baina horretarako lanketa bat behar dugu. Horregatik gaur egun aktibo dauden gazte horiei zuzenduta daude jardunaldi hauek, baina gazteri guztiari zabaldu nahi diogu deialdia.

Jardunaldiotan landutakoa nola eramango duzue praktikara?
Kasu bakoitzean azterketa bat egin beharko da. Borroka fronteak anitzak dira eta ikusi beharko dugu zein eremutan eragin nahi dugun, zergatik, zertarako, nola… Azterketa horietatik abiatuta alternatiben eraikuntzara pasa eta kasu bakoitzean forma ezberdina izango du. Baina garrantzitsua da maila praktikoan erreferenteak sortzen joatea, sinergiak lortu eta posiblea dela ikusteko. Askotan kanpoko proiektuak ekartzen ditugu, baina beharrezkoa da hemen lanean jartzea, gure herrian, gure auzoan, gure hirian…