Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Inork amore eman ez duenez, lan erreforma ataka berean

Hain korapilatua dagoen gatazkan Lan ministroaren eta CGTko buruaren atzoko bileran irtenbideren bat aurkituko zela espero zen. Usteak ustel, ordea, bakoitzak bereari eutsi baitzion. Sindikatuek ekainaren 23 eta 28rako mobilizazio deialdiak egin dituzte.

Goizeko zortzietarako Lan Ministerioko eskaileretara iritsi zen atzo Philippe Martinez, CGTko idazkari nagusia, Myriam el Khomri ministroarekin zuen hitzordura. Lan erreformaren inguruan erabat gaiztotua dagoen giroan, azken egunetan ikusmin eta itxaropen handia zegoen bilkuran aterabideren bat aurkituko ote zuten. Ez zen hala izan, ordea. Alde bakoitzak bere posizioei eutsi zion eta desadostasun nagusiek bere horretan jarraitzen dute.

CGTk martxoaren hasieran mahai gainean jarri zituen proposamenak berretsi zituen, batez ere «lege proiektuaren bizkarrezurra» diren sei atalen inguruan, hainbatetan aipatutako 2. artikulua –sektoreko hitzarmenaren gainetik enpresako hitzarmena jartzen duena–, kanporatze baldintzak edota lan osasuneko gaiak, esaterako.

Martinezek argi utzi zuen bileratik irtenda, beren proposamenak ez direla lege testuari «egindako zuzenketatzat» hartu behar, «hori gobernuari dagokion zerbait baita». Halere, sindikatuen jarreran malgutasun zantzuak ikusten dira. Izan ere, azken hiru hilabeteetan lege-proiektua bertan behera uzteko exijitzen aritu ostean, orain moldaketak –pisuzkoak, hori bai– planteatzera igaro baita. Ministroak berak ere aldaketa hori sumatu du eta, legearen funtsa ez dutela aldatuko berretsi duen arren, «testua aberaste aldera proposamenak sakon aztertuko» dituela agindu du, eragile sozialen arteko elkarrizketaren atea berriro irekitzeko aukera ikusita.

Hortaz, konponketaren bidean ezer zehatzik atera ez bada ere, giroa zertxobait baretzeko balio izan du atzoko topaketak. Joan den astearteko mobilizazioetan, batik bat Parisen izandako istiluekin kritika asko jaso ditu sindikatuak. Horien harira, Martinezek berak adierazi zuen «bazter txikitzaileak mugimendu sozialari sinesgarritasuna kentzen» ari direla.

Horiek horrela, eta epe laburrean aldaketa nabaririk ez bada, mobilizazioek segida izango dutela dirudi. Dagoeneko lan erreformaren kontra dauden sindikatuek beste bi mobilizazio egun deitu dituzte: ekainak 23 eta 28. Hain zuzen ere, azken egun horretan Senatuak legea bozkatuko du eta gero Asanblea Nazionalera itzuliko da testua. Une horietan sindikatuak presioa mantentzen saiatuko dira, batez ere, senatariak legeari erabateko aldaketa egiten ari direlako, neoliberalismo kutsu nabarmena emanez.

Gobernuaren eta sindikatuen arteko norgehiagoka honetan hurrengo kapitulua manifestazioena izan daiteke, Manuel Valls Lehen ministroak eta François Hollande presidenteak berak manifestazioak debekatzeko aukera ere aipatu baitute, ekainaren 14koan izandako «desmasiak» errepikatzen ez dutela utziko ohartarazita.