Amalur ARTOLA
DONOSTIA

‘Jazzaldia 50’, jaialdiaren mende erdia dokumentatzen duen argitalpena kaleratu dute

Europako jazz jaialdi zaharrenetakoa da Jazzaldia eta, iaz bete zuen 50. edizioaren ostean, atzera begira jarri eta Donostiako oholtzetan bizi izan dena dokumentatu dute ‘Jazzaldia 50’ argitalpenaren bidez. Kalitatezko eta tamaina handiko irudiek hartzen dute nagusitasuna.

‘Jazzaldia 50’ liburuaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
‘Jazzaldia 50’ liburuaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Jazzaldiak 30 eta 40 urte bete zituenean bezala, 50. urteurren bereziaren harira ere jaialdiaren ibilbidea jasotzen duen argitalpena kaleratu dute. «Oraingoan ondo egin nahi izan dugu, eta 50. edizioa amaitu arte itxaron dugu, urte horretan jazotakoa ere liburura eraman ahal izateko», azaldu du Miguel Martin Jazzaldiaren zuzendariak liburuaren aurkezpenean.

Liburuko testuak –urtez urteko kronika laburrak– Jesus Torquemada jaialdiko prentsa arduradunak idatzi ditu baina, bere hitzetan, testuek baino argazkiek dute pisua: «Kalitate handiko argazkiak dira eta liburuan tamaina handian eman nahi izan ditugu, duten balio sentimental eta garrantziagatik». Argazkiak garai ezberdinetan jaialditik pasa diren zenbait argazkilarirenak dira: Lolo Vasco, Pedro Párraga, Antonio Alonso, Iñaki Aguirre, Hilario Garrudo, José Horna eta Juanje Alves tartean.

Liburua tapa lodikoa da, koloretako eta zuri beltzeko argazkiak biltzen ditu, jaialdiko kartelak ere ikus daitezke eta urtez urte Jazzalditik pasa diren artisten zerrenda ere badago, 5.000 guztira: «Aurkibidea egiten ari nintzela konturatu nintzen zenbat jende pasa den Jazzalditik… jaialdi ikaragarria dugu, gauza on asko eman dituena, eta liburu hau jazz garaikidearen entziklopedia dela esan daiteke».

‘Jazzaldia 50’ 35 euroren truke eskura daiteke Fnac eta Elkar dendetan, eta baita Jazzaldiaren webgunearen bidez ere.