naiz
donostia

Ellis Marsalisek jasoko du 51. Heineken Jazzaldiaren saria

Gloria Gaynor eta Diana Krall dira Donostiako Heineken Jazzaldiaren aurtengo izarretako batzuk. 132 emanaldi eta hogei eszenatoki prestatu dituzte eta Jazzaldia Saria Ellis Marsalis pianistak jasoko du.

Heineken Jazzaldiaren 51. edizioaren aurkezpena. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Heineken Jazzaldiaren 51. edizioaren aurkezpena. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ellis Marsalis pianistak jasoko du aurten Donostiako Jazzaldia saria. Pianista ez ezik, musika-hezitzailea da eta Marsalistarren saga entzutetsuaren patriarka. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, jazz modernoko piano-jotzaile onenetako bat izateaz gainera, sona handia du hezitzaile musikal modura, hainbat musikari entzutetsuren maisu izan baita, horien artean Jesse Davis, Terence Blanchard, Donald Harrison, Nicholas Payton eta bere lau semeak: Wynton, Branford, Delfeayo eta Jason.

Heineken Jazzaldiaren 51. edizioa gaur aurkeztu dute. 132 emanaldi –horietako 85 doan– eta berrikuntza ugari dakartza egitarauak. Gloria Gaynor, Diana Krall, Tricia Evy, Charles Bradley, Nick Waterhouse, Steve Coleman, Christian Scott, Bobo Stenson, Ibrahim Maalouf, Marc Ribot eta beste hainbat, guztira 455 musikariren emanaldiez gozatzeko aukera izango da hogei eszenatokitan. Aurten Konstituzio plazan ere bai.

Jazzinema

51. edizioaren berrikuntzetako bat Euskadiko Filmategiarekin eta Zinemaldiarekin elkarlanean antolatu duten Jazzinema da, jazzarekin lotura duten filmen zikloa.

Emango diren filmetako bi Chet Baker tronpetari mitikoari buruzkoak dira (‘Let’s get lost’ eta ‘Born to be blue’) eta beste bik Miles Davisekin dute zerikusia (‘Ascenseur pour l’échafaud’, Davisek berak idatzitako soinu-banda duena, eta berriki egindako ‘Miles ahead’).

Emanaldiak uztaileko ostegunetan izango dira, 19.00etan Tabakaleran, eta sarrera 3,5 euro kostako da.

Bertsojazza

Jazzaldiak, bestalde, Bertsojazza egitasmoa errekuperatu du aurten. Uztailaren 24an izango da Victoria Eugenia antzokian, Andoni Egaña, Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi eta Jon Maiarekin.

Horretaz gain, 12 Points jaialdiaren 10. edizioak Europako jazz berriena ekarriko du Donostiara uztailaren 20tik 23ra. Europako jazzeko talentu gazteak aurkitu eta bultzatzea du helburu.