NAIZ
GASTEIZ

Babes zibilaren eta segurtasun arloan lankidetza sendotuko dute Nafarroak eta EAEk

Nafarroako Justizia kontseilari Maria Jose Beaumontek eta Lakuako Segurtasun sailburu den Estefania Beltran de Herediak polizia-alorrean eta larrialdien, babes zibilaren, trafikoaren eta bide segurtasunaren artatze nahiz koordinazioan lankidetza indartzeko akordioa sinatu dute.

Beltran de Heredia eta Beaumontek sinatu dute EAE eta Nafarroaren arteko elkarlan akordioa. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Beltran de Heredia eta Beaumontek sinatu dute EAE eta Nafarroaren arteko elkarlan akordioa. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Lakuak eta Nafar Gobernuak protokolo bat izenpetu dute gaur goizean, zeinekin hainbat alorretan lankidetzarako oinarriak finkatzea duen helburu. Hala nola, polizia-alorrean eta larrialdien, babes zibilaren, trafikoaren eta bide segurtasunaren artatze nahiz koordinazioan. Protokoloaren azken helburua segurtasun-arloko zerbitzu publikoa «hobetzea eta perfekzionatzea» da, «zerbitzuen eraginkortasuna eta efizientzia handituz».

Azaldu dutenez, Poliziari dagokionez, Foruzaingoak eta Ertzaintzak «beharrezkoa den elkarrekiko aholkularitza sustatuko dute» balorazio estrategikoak trukatuz eta jarduera-esparruetan beharrezkotzat jotzen dituzten laguntzarekin. Zentzu horretan, «informazioa trukatzea, polizia-prozedurak eta operazioak, antolatutako sare kriminalen aurkako prebentzioa eta borroka, terrorismoa, delinkuentzia arrunta edo genero-indarkeria», zerrendatu dituzte.

Trafikoan ere izango du ere eragina. Modu honetan, elurte edo eurite handiekin zirkulazioa etetean bete beharreko jarduerak ere jasotzen dira.

Azkenik, beste esparru batzuk ere sartzen dira, adibidez: dokumentazio espezializatua, irakasle eta espezialistak trukatzea, ekipamendu polizialak eta teknologia berriak, polizia zientifikoa edo ingurumen-arloko delituak.