UPV/EHU
DONOSTIA

Joseba Zulaika Irureta: «Harreman hegemonikoetan pentsatzean dago gakoa»

‘Mundu handitik mundu txikia eta alderantziz’ izenburupean, Joseba Zulaika Irureta antropologoak hitzaldia eskaini du ‘XXI. mendeko abertzaletasunaz’ ikastaldian, UPV/EHUko Uda Ikastaroen harira, Donostiako Miramar Jauregian. Ikastaroa ZuZeu agerkariak eta Jakin aldizkariak antolatu dute, bi proiektuetako buruek, Hasier Etxeberriak eta Lorea Agirrek, egin dute saioaren sarrera.

Joseba Zulaika Miramarren.
Joseba Zulaika Miramarren.

ZuZeu agerkariak eta Jakin aldizkariak elkarlanean antoaltu duten ikastaroaren bigarren egunean Joseba Zulaika antropologoa izan da protagonista. Berak hitza hartu aurretik Hasier Etxeberriak (ZuZeu) eta Lorea Agirrek (Jakin) gaiaren kokapena egin dute. «Buruak argitzeko hitzaldia da, gazteek zer kontu dakartzaten argitzeko», eta zenbait galdera bota dituzte: «Ba al du zentzurik, egun, abertzaletasunak? Zer da abertzaletasuna? Zein da abertzale, nazional eta ‘patriotaren’ arteko ezberdintasuna? Abertzale denek gauza bera nahi al dute?». Hizlarien aburuz, abertzaletasuna euskara eta euskal kulturarekin defini liteke, baina baita identitatearekin ere. «Egun, gazteak ez dira bi faktore horiekin soilik nahikotzen; politikoki erakargarria izateko, zerbait gehiago izan behar du, eta, era berean, bi faktoreak trabak izan daitezke», dio Etxeberriak.

Hitz eta adiera anabasa horretan, Lorea Agirrek gaineratu du «historia modernoan, mahai gainean jarritako betiko eztabaida» dela, eta euskal gizartea aipatutako hitz horien joskera asmatu nahian dabilela: «Dibortzioa dago euskalgintza eta euskararen artean; haustura dago independentzia eta abertzaletasunaren artean; eta eztabaida dago euskara eta independentziaren artean». Azken ideia horri gehitu dio galderak azkartzen doazela, mundua hain azkar doan honetan, eta ez-jakintasunean bizi garela: «Modu espero gabean jazotzen dira gertaerak».

«Estatu txiki asko sortzen dira etengabe, eta bai identitatea bai nazionalismoa geroz eta indartsuagoak izaten ari dira», dio Agirrek. Identitate propio baten bila borrokatzen da norbera, eta bilaketa hori borroka handiena zela zioen Bourdieuk. Edonola ere, «indibidualizazioa» oinarri den honetan, «oraindik ere identitateen bila gabiltza, herri baten bila, eta identitate klasikoa ezin da zenbait balioetatik bereizi».

Ondoan, Joseba Zulaika antropologoak hasi du mintzaldia, XXI. mendean abertzale izateko dagoen kezka azpimarratuz, eta bat egin du Etxeberriak eta Agirrek esandakoekin. «Arestiren belaunaldikoa naiz ni, baita ETArenekoa ere; aitaren etxearengatik borrokatu izandakoa», azaldu du, eta euskalduna izateaz gainera, «amerikanoa» ere badela argitu du.

«Etxearen metafora aitaren etxearekin ulertu izan du Arestik, baina amarena ere bada». ‘Etxea’ terminoa, Zulaikak muga edo itxierarekin ulertzen du, «gure lekuari eman nahi diogun mugarekin», eta oinarrian, «unibertsala» izan beharko lukeela dio. «Fideltasuna zor diogu euskal gizarteko gertakizun politikoei; behartuak gaude horretara».

Edozein mugimendu politikoetan pentsamendu baten beharraren garrantziaz mintzatu da Zulaika, eta bi memento apurtzaile azaldu ditu: batetik, Agirre lehendakariaren eredua; eta, bestetik, ETAren akaberan, ezkerrak izan dituen gogoetak.

Agirre lehendakaria ereduzko gizontzat du Zulaikak, zenbait bidegurutzetan egon izanagatik (demokrazia-faxismo artean, erlijioaren sinesmenen pean, Gernika-Bilboko industria eta burdinaren defentsa): «Nazionalista eta internazionalista izan zen Agirre, euskal nazionalismoa garatu zuen aranismotik abiatuta».

Bestetik, azken 5-6 urteetako ezker abertzaleaz aritu da: «Garai horietan ere bidegurutze garbietan zegoen ezker abertzalea: ETAren amaierarekin zer egin, biolentziaren tabua babestu behar zen ala ez bezalako eztabaidak egon dira». Hizlaria Otegik erabilitako ‘aldebakartasun’ terminoaz ere baliatu da, hain justu, Espainiako Estatua kontutan ez hartzeari erreferentzia egiteko, euskal gizartearen erabakiak hartzeko orduan: «Hori guztiz pentsaera iraultzailea da», dio Zulaikak.

Galdera bat bota du Zulaikak, hain zuzen, Euskal Herrian bakea egina ote dagoen. ‘The New York Times’ egunkariak 2014ko editorial batean zioen «euskal separatistekin egondako gerra luzea amaitu da, bi alderdiek negoziatzea erabaki dutenean». Zulaikak baieztapen hori «probokazio» gisa hartzen badu ere, dio ez dela erraza esatea nork duen azken hitza euskal gatazka bukatutzat emateko: «Nazioartean nork du hori erabakitzeko gaitasuna?».

Funtsean, hizlariak azpimarratu duena da pentsamendu berri baten beharra dagoela mugimendu politiko orotan, eta oinarrizkoa dela komunitateak gai izatea bat egiteko. «Puritanismo ideologikoan erori izan gara; abertzaletasun klasikoak birplanteatu behar dira, eta harreman hegemonikoak pentsatzean dago gakoa».