NAIZ
WASHINGTON

Euskal Herriaren zati (ez horren) txikia Washingtonen

AEBetako ospe handiko Smithsonian erakundeak urtero antolatu ohi duen Folklife jaialdiko aurtengo gonbidatua da Euskal Herria, Washington hiriburuko National Mall ezaguna Euskal Herriaren zati ez horren txikiaren adierazle bilakatu da egunotan. 

Joaldunak Washingtoneko National Mall delakoan. (Ronald Villasante, Ralph Rinzler Folklife Archives)
Joaldunak Washingtoneko National Mall delakoan. (Ronald Villasante, Ralph Rinzler Folklife Archives)

‘Basque, innovation by culture’ izenburupean aurkeztu du Smithsonian erakundeak bere aurtengo Folklife jaialdia. Pasa den asteazkenean hasi eta astelehena bitarte izango da lehen kolpea, uztailaren 7tik 10era bigarrena. Urtero milioi bat pertsona inguru joan ohi da jaialdi honetara eta 40 bat milioiek jarraitu ohi dute internet bidez, antolakuntzak emandako datuen arabera.

Hiriburuko Kapitoliioaren eta Washington presidentearen monumentuen arteko gunea hainbat gunetan banatu dute. Portua, frontoia eta baserria ditu, besteak beste. Baita euskaltegi bat eta kirol eremu bat ere.

Baserri eremuan gaztangileak eta gatz egileak izango dira, besteak beste. Euskaltegi gunean bertsolariak eta irakasleak, frontoian euskal kirolei eskainitako egitaraua osatu dute. Garai bateko lanbideak ere berreskuratu dituzte jaialdirako, harri zulatzaileak tartean. Musika eta dantzari dagokionez, Aukeran taldea, Kepa Junkera & Sorginak, trikitixa eta txalaparta elkartzen dituen Klaperttarrak taldea, Korrontzi, Mikel Markez eta diasporan sona dezentekoa duen Noka taldea izango dira. 

Diasporak ere garrantzia nabarmena izango du, noski. Kalifornia, Nevada, Idaho, Utah eta Wyoming estatuetatik hainbat euskal diasporako dantzari eta abesbatzek parte hartuko dute jaialdian. 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako instituzioen parte hartze nabarmena izaten ari da jaialdia, baita hainbat enpresarirena ere. Arantxa Tapia Ekonomia sailburua dago bertan Lakuaren izenean, ostegunean antolatu zen Basque Country Economic Forum saioan parte hartu zuen.


Jaialdiaren webgunean ageri den Euskal Herriaren mapa.

Jaialdiaren webgunean eskaintzaren inguruko informazio zabala dago, baita euskaraz ere. Gunearen mapa, adibidez, euskaraz eta ingelesez, bi hizkuntz horietan ageri da.

Ekainaren 29tik uztailaren 4ra eta hil bereko 7tik 10era izango den jaialdia aurkezteko AEBetara Euskal Herritik izandako migrazioak dakartza gogora Smithsonian erakundeak. Pirinioen bi aldetara dagoen herria dela dakar gogora, berrikuntzaren haritik kanpora begira eraikitako kultura dela aipatzen dute, baina sustrai kulturalei eutsiz. Europako komunitate zaharrena eta milioi bat inguru euskal hiztun mantentzen dituena dela dakarte gogora.