NAIZ
BAIONA

Joseba Iturbide gose greban dago eta Izaskun Lesaka, zigor ziegan

Joseba Iturbide euskal preso politikoak gose greba hasi du Fleuryko espetxean eta bere bikotekide Izaskun Lesaka mitard edo zigor ziegan sartu da bere borondatez, Poitierseko kartzelan. Senar-emazte gisa dagokien elkarbizitza eskubidea aldarrikatzen dute.

Etxeratek jakinarazi duenez, Joseba Iturbide gose greban dago ekainaren 28az geroztik Fleuryko espetxean. Bere bikotekide Izaskun Lesaka, berriz, 550 kilometrora dagoen Poitierseko espetxean mitard-ean (zigor ziegan) sartu zen bere borondatez ekainaren 15ean.

Bi espetxe desberdinetan egonda, senar-emazte gisa eskubidez dagozkien bisitak galarazten dizkiete eta haien arteko komunikazioa gutunetara murrizten da. Hasi dituzten protesten bidez, kartzela berean egotea aldarrikatzen dute.

Etxeratek salatu duenez, Iturbidek eta Lesakak behin baino gehiagotan azaldu diete beren egoera frantziar kartzeletako agintariei baina bi urteren ostean eta irtenbiderik ezean beste urrats bat egitea erabaki dute, beren eskubideak aldarrikatzeko.