NAIZ
gasteiz

‘Abelbideak’ proiektuak Europa zeharkatuko du, memoria eta artearen inguruan hausnartzeko

Irantzu Lekue artistak eta Iñaki Landa kazetariak ‘Abelbideak’ proiektu «kultural, artistiko eta komunikatiboa» aurkeztu dute. Gasteiztik Poloniako Wrocklaw hirira joango dira bizikletaz, artea eta memoriaren inguruan hausnarketa egiteko.

Irantzu Lekuek eta Iñaki Landak Gasteiz eta Wroclaw lotuko dituzte bizikletaz 35 egunetan. (NAIZ)
Irantzu Lekuek eta Iñaki Landak Gasteiz eta Wroclaw lotuko dituzte bizikletaz 35 egunetan. (NAIZ)

Irantzu Lekuek eta Iñaki Landak ‘Abelbideak’ proiektua aurkeztu dute gaur Gasteizen. Egitasmo «artistiko, kultural eta komunikatibo» gisa definitu dute eta, horren baitan, gasteiztar artista eta kazetaria Gasteiztik Poloniako Wroclaw hirira joango dira bizikletaz. Bidaiak 35 egun iraingo du eta 2.600 kilometro egingo dituzte.

Azaldu dutenez, artea eta memoriaren inguruan hausnarketa egitea dute helburu eta «errelatoan» jarriko dute arreta. «Bidaiaren errelatoarekin jolastu nahi dugu zerbait berritzailea, ezberdina egiteko. Eta nola ez, XXI. mendeko errealitatera ekartzeko, ezin dugulako aurreko mendean komunikatzen genuen moduan komunikatzen jarraitu. Dena aldatu da», adierazi dute.

Hala, lehendabizi Gasteiztik Donostiara joango dira, eta handik Wroclawera. Biak aurten Europako Kultur Hiriburuak dira.  «Guk bi hiri hauen arteko zubi metaforiko bat sortu nahi dugu, hiri hauetatik haratago doan zubia eraiki nahi dugulako. Normalean erreparatzen ez dugun arte adierazpenetan jarriko dugu arreta. Zenbat dira gertaera historiko edo borroka sozialei men egiten dieten adierazpen artistikoak? Non aurkitu ditzakegu? Zenbait dira ofizialak eta zenbat ez ofizialak?», azaldu dute.

Arteak kalean uzten dituen aztarnei erreparatuko diete bidaian: arte sozialean eta memoria lantzen duen artean. «Gizarte artearen baitan muralismoa, street art delakoa, interbentzio artistikoak, instalazioak eta performance-etan jarriko dugu arreta», esan dute.

Memoria lantzen duen arteari dagokionez, berriz, «elkarbizitzara gerturatzen gaituen horretan erreparatuko dugu gaia mahai gainean dagoen momentu honetan. Beste herrialdeetan zer eta nola egin den aztertuko dugu, egin dena ikusi eta hausnartzeko».

Ikusten dituzten arte adierazpen eta gertaera guztiak dokumentatu egingo dituzte bidaian zehar eta dena dokumentatu, «oso gurea eta oso pertsonala izango den mapa batean baina, aldi berean, denona izango den mapa batean».

Istorio bakar bat kontatzeko egungo teknologiek eskaintzen dituzten baliabide guztiak erabiliko dituzte Lekuek eta Landak baina, aldi berean, kanal bakoitzean istorio horren zatiak, pasarteak, kontatzen joango dira.

«Horrela, erabiltzaileak, kanal bakoitzetik istorio batzuk jasoko ditu eta guztiak bateratuta egongo diren leku bakarra proiektuaren webgunea izango da»: www.abelbideak.eu