NAIZ

Dumoulinek erlojupekoa bereganatu eta Froomek lidergoa sendotu du

Tom Dumoulin izan da Tourreko 13. etapako gizonik indartsuena. Holandarrak 37 kilometroko erlojupekoan Chris Froome gainditu du, baina azken honek gehiago aldendu ditu azken garaipenerako lehiakideak, lidergoa sendotuz. (Hemen sailkapenak).

Froomek lidergoa indartu du erlojupekoan. (Kenzo TRIBOUILLARD / AFP)
Froomek lidergoa indartu du erlojupekoan. (Kenzo TRIBOUILLARD / AFP)

Arcalisen mendiko etapa handia irabazi eta gero, aurtengo Tourrean bigarren garaipena lortu du Tom Dumoulin holandarrak, eta oraingoan bai, hain gustoko duen erlojuaren kontrako lehian. Tarteko puntu guztietan denborarik onena markatuz, Giant-Alpecin taldeko txirrindulariak ez du aurkaririk izan.

Bigarren lekuan sailkatu da Chris Froome, maillot horia indartuz eta datozen Alpeetako etapetarako errenta polita pilatuz. Sailkapen nagusia lehiatzen ari direnen artean, Bauke Mollema izan da irabazle atera den bestea, eta bigarren kokatu da sailkapenean. Adam Yates, Nairo Quintana eta Richie Portek bi minutuko galera izan dute helmugan eta lehen biek ia hiru galtzen dute dagoeneko sailkapenean. Gehiago tasmaniarrak.

Romain Bardet, Dan Martin, Fabio Aru eta Joaquim Rodriguez izan dira eguneko galtzaile nagusiak, lau minutu baino gehiago utzita. Euskaldunen artean, aldiz, Ion Izagirre ormaiztegiarra izan da onena, zortzigarren tokian sailkatuta.

Bihar, 14. etapan, tropeleko gizon azkarrek izango dute aukera, ibilbide lau bati egin beharko diote aurre eta.