NAIZ
Niza

Onik daude erasoaren unean Nizan zeuden bi zornotzar

Nizan oporretan zeuden bi zornotzar onik daudela jakinarazi du Amorebieta.com atariak. Gutxienez 84 hildako utzi dituen erasoaren unean Ingelesen pasealekuan aurkitzen ziren, baina ihes egitea lortu zuten.

Onik daude erasoaren unean Nizako Ingelesen pasealekuan aurkitzen ziren bi zornotzar gazte, Amorebieta.com atariak jakinarazi duenez. Bertan opor egun batzuk igarotzen ari ziren eta aipatu webgunean erasoa nola bizi izan zuten azaldu dute.

Matxalen Belaustegigoitia eta Nerea Sarriak, pasealekuan su artifizialak ikusi eta gero, kontzertu batean zeudela tiroak entzuten hasi zirela adierazi dute: «Hondartzara salto egin genuen eta uretan babestu ginen, ez bait genekien zehazki zer gertatzen ari zen».

Handik ihes egin eta parking batean gorde ziren eta azkenik ukrainar batzuek hartu zituzten etxean.