Arantxa MANTEROLA
BAIONA
Elkarrizketa
ITZIAR, TAMI ETA HELENA
PRESOEN SOSTENGU TALDEKO KIDEAK

«Gaur egun presoen eskubideen aldeko ekimenak errotuta daude»

Urteak daramate lanean, bestetan ere, presoen aldeko aldarrikapenak presente egon daitezen. Urteen poderioz eta ekinaren ekinez, jaietan beren zulotxoa egitea lortu dute eta orain normaltasunez hartzen dira burutzen dituzten ekimenak, besteren artean, gaur egingo duten herri-bazkariaren ingurukoak.

Itziar, Helena eta Tamirekin egin dugu hitzordua. Urtero bezala, beste lagun askorekin batera, buru-belarri ari dira bazkariaren prestakuntzan, 250 bat lagunentzako otordua antolatzea ez baita huskeria. Orain Baiona Ttipiko Patxa plazan kokatzen da, baina hasieran aldameneko karrika batean egiten zuten. «Baionako Errepresioaren Kontrako Komiteko kideak hasi ziren aspaldi bazkari hau antolatzen Tonneliers karrikan. Berez, preso eta errefuxiatuak sostengatzeko taldea bazen, baina Ipar Euskal Herri osorako. Horiek Baionakoak bertakoak ziren», zehaztu du Itziarrek.

Orduan haur-jokoak ere egiten zituzten gertu dagoen Pontrique karrikan eta 100 bat pertsona biltzen omen zen bazkarira eta gainerako ekimenetara.

Urteekin, gauzak moldatzen joan dira eta parte-hartzaile kopurua izugarri emendatu da. «300 bazkaltiar izatera iritsi izan gara, baina oso larri ibiltzen ginen, ez baitugu azpiegitura egokirik horrenbeste jenderentzat. Horregatik deliberatu genuen kopurua mugatzea eta orain, gehienez ere, 250 lagun hartzen ditugu bazkaltzeko», gaineratu du.

Egia esan, urteetako ekinari esker, bazkari hau klasiko bat bihurtu da Baionako bestetan. «Bai, orain erran daiteke gure tokia, gure zulotxoa egin dugula eta ekitaldia errotuta dagoela», dio. «Kostata, halere», zehaztu du Tamik. Izan ere, topaketa hau izaera erreibindikatiboa duten beste ekintza-multzoen baitan barnebildua da.

Jaien irekieran talde bat biltzen zen banderolekin, ikurrinekin eta euskararen edota presoen aldeko aldarrikapenekin eta gero manifestazioan joaten ziren Baiona Ttipiraino. «Kanpotar asko izaten da eta ezkutuan geratu ohi ziren hainbat egoeraren (etxebizitzaren arazoa, hizkuntza, arazo sozialak, presoak...) berri ematea zen helburua». Baina duela hamar bat urte formula aldatu beharrean aurkitu ziren, «batzuek ulertzen zuten, baina beste batzuk aurka eta irainka hasten baitziren». Giroa ez ozpintzeko, hortik aurrera berariazko elkarretaratze bat egiten dute, normalean Reduit plazan.

Pankartak egin eta egin

Jende bilketaz gain, karriketan ere presoen eskubideen aldeko aldarriak ez ziren falta, afixak eta pankartak nonahi azaltzen baitziren. Azaldu digu katua eta xaguaren moduan ibiltzen zirela. «Pankartak goizean jarri eta hurrengo egunerako ‘desagertu’ egiten ziren. Eta gu berriz jartzera. Hala pasatzen genituen jai guztiak. Horregatik pankarta piloa egiten genuen, 50 bat», nabarmendu dute. Zeregin horietarako oso lagungarri egin zitzaien Epaiska ostatu-elkartea, 90eko hamarkadan zabaldu zenean.

Orain ez da, normalean, halakorik gertatzen: «Nolabaiteko errespetua irabazi dugu. Zerbaitengatik gure material edo pankartaren bat kentzen badute, Herriko Etxeko zerbitzuek txoko batean uzten dute berreskuratu dezagun. Ez da lehen bezala».

Ez Udalarekin, ez auzoekin eta ezta beste eragilerekin ere, ez dute arazorik. «Guk ez diogu batere lanik ematen Herriko Etxeari, ez diogu ezer eskatzen eta dena txukun-txukun uzten dugu bazkariaren ondoren. Orduan zer kexu izan beharko luke? Gu gara-eta txintxoenak. Egia da», dio konbentzimenduz Tamik.

Gehienak emakumeak

Gaur hogei bat lagun arituko dira janaria prestatzen, mahaiak jartzen eta zerbitzatzen eta ondorengo garbiketetan «gehienak emakumeak eta gehienak ere aski helduak». «Gazte batzuk etortzen zaizkigu laguntzera, baina, noski, bezperan egiten dute Gazte Eguna eta biharamuna gogorra izaten da», diote belaunaldien erreleboa bilatzea zail samar dagoela aitortuta.

Dena dela, dena prest izango dute gaur eguerdian jendea hartzeko, batzuk espresuki jinak bazkarirako, «baita barnealdetik ere», eta horren inguruan presoen senideei eta urtean zehar aske geratu diren presoei –aurten hiru lapurtar– aldez aurreko ekitalditxoan zapia lepoaren bueltan jartzeko.

Halere, aurten, hutsune nabarmenak sentituko dituztela adierazi digu Helenak, «hiru iheslari, hiru lagun handi, Iñaki, Oliba eta Sergio, faltako baitzaizkigu [azken hilabeteetan zendutako hiru iheslari]. Beti hartzen zuten parte bazkarian».

Eta, «zoritxarrez», beren nahia oso bestelakoa bada ere, seguru asko hurrengo urteko Baionako festetan ere beste behin ere antolatu beharko duten uste osoa dute. «Oxala beste helburu batekin, soilik lagunartean gozatzeko, bilduko bagina», gaineratu du Itziarrek itxaropenari ateak zabalik utzita.