Naiz

Egiari bide egiteko 778ko Iruñeko suntsiketa eta Orreagako Guda oroituko dira

Orreaga Fundazioak eta Etxabarrengoa Kultur Elkarteak 778. urteko Iruñeko suntsiketa eta Orreagako Guda oroituko dituzte. Kultur Elkarteko kide den Karmele Galartzak adierazi duenez, «aurtengo helburua manipulatutako historia dagokion lekuan jartzea da». Abuztuaren 6an Iruñean antolatu dira ekimenak; eta 14an, aldiz, Orreaga inguruan.

778ko abuztua oroitzeko ekimenak aurkeztu dira. (IRUINDARRA)
778ko abuztua oroitzeko ekimenak aurkeztu dira. (IRUINDARRA)

Larunbatean, Iruñeko Redingo Bastioian burutuko den oroimen ekitaldiarekin emango zaio hasiera egitarauari. 14an, aldiz, 10.00etan irtengo da mendi martxa Aurizberritik, 12.00etan Orreagan antolatutako omenaldian atseden hartu, eta handik Ibañetara joango da. Bertan, konponketa historikoa helburu duen plaka jarriko da. Eguerdian, 15.00etan, herri bazkaria izango da Garraldan. Izena emateko, ibaneta778@gmail.com helbidera idazteko edo 676622716 zenbakira deitzeko eskatu dute. Ekimenei bukaera emateko, 21.30etan, Eneko Aritzaren erregetzea antzeztuko da Orreagan.

Fundazioko Koldo Amatriaren esanetan, hilabete hura «garrantzitsua» izan zen Nafarroako historiarentzat. Karlomagnoren tropek, Zaragozatik bueltan, Iruñea suntsitu zuten. Ondoren, Orreagatik igarotzean, baskoiek Roldanek gidatutako Karlomagnoren tropen atzealdea garaitu zuten. Duela hemezortzi urte hasi zen Orreaga Fundazioa bataila oroitzen. «Orain arte soilik kondaira eta desitxuratzea existitzen zen lekuan egiari bide egiten goaz», azpimarratu du Amatriak.

Etxabarrengoako Juantxo Merinok orain arte «gure herria erasotu zutenen bertsio historikoa» eman dela salatu du. Bestalde, azpimarratu duenez,  «hau errekuperatu behar den historiaren zati bat besterik ez da». Zentzu horretan, bi eragileek adierazi dutenez, eskoletarako unitate didaktiko bat prestatzen ari dira.