NAIZ
DONOSTIA

Sexu erasoak gertatu ohi diren hiri eremu publikoak aztertu ditu EHUko ikerketa batek

Sexu erasoak gertatu diren hiri eremu publikoak aztertu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia saileko ikertzailea den Nerea Martin Fernandezek, EHUk jakinarazi duenez.

Ikerketa honekin sexu erasoak izan ohi diren gertalekuen ezaugarriak aztertu ditu Fernandezek, bai eta erasotzailearen jokabidean eragin dezaketen faktoreak ere, egoerari eta inguruari lotuta. Lan honetan lortutako emaitzekin diseinu-jarraibide batzuk ezarri nahi ditu ikertzaileak hirigune publikoak seguruagoak izan daitezen.

Ikerketa honen helburua izan da, Martinek azaldu duen bezala, «sexu erasoaren jokabidean inguruneko faktoreek duten eragina sakonago ezagutzea». Horretarako, EAEko Probintzia Auzitegietan bildutako kondena epai irmoak aztertu ditu, egoerari eta inguruari lotutako alderdiei erreparatuz, hala nola, erasotzaileen erabakietan eragina izan dezaketenak, erasotzaileen mugimendu-portaerak eta delituaren gertalekuaren ezaugarriak, leku publikoetan gertatu direnean.

Gainera, zenbait faktorek erasorako aukera errazten dutela, eta erasotzaileak haietaz baliatu ohi  erasotzaileak direla adierazi du ikertzaileak. Inhibitzaileak izan daitezkeen faktoreak, berriz, ez direla beti egoten adierazi du: «Alkohola eta drogak kontsumitzeak erasotzaileek izan ohi duten permisibitate-uste okerra handitu lezake batzuetan, eta horrek desinhibitzera eraman dezake».  «Festa handietan, hala nola sanferminetan, aukera gehiago dituzte biktimengana iristeko, eta biktimak ezagutzen ez dituzten lekuetan daude askotan, beren segurtasun-espazioetatik urrun», azaldu du.

Horregatik, ingurunearen prebentzioa, edo leku publikoen diseinua, «funtsezko faktorea» da horrelako jokabideei aurre hartzeko.

Guneak

Bestalde, EAEko leku publikoak aztertu ondoren, bi leku mota identifikatu ditu ikertzaileak: alde batetik, ingurumen kalitate handikoak eta landare ugarikoak (horiek izan dira erabilienak eraso egiteko), eta, bestetik, ingurumen kalitate txikiko eta landare gutxiko lekuak. Nerea Martin Fernandezek adierazi duenez, «deigarria da landaredia duten gune batzuk, egunez jendeak lasaitzeko eta gozatzeko erabiltzen dituenak, hau da, jendea erabiltzera eta gozatzera eramaten dituztenak, bidezko jarduerak egitera eta oinezkoak ibiltzera, besteak beste, gauez nola bihurtzen diren delitu jakin batzuk egitea errazten duten gune».

Halaber, ikertzailearen hitzetan, gune horien ezaugarrietako bat da ikusgaitzak direla, bai kaletik (gertalekuaren ondoko kaleetatik), bai eraikinetatik. «Landarediak eragiten du hori askotan; izan ere, oso zuhaitz handiak badaude, behar bezala zainduta ez daudenak, ezinezkoa da ondoko eraikinetatik gertalekua ikustea. Gauza bera gertatzen da gehiegi luzatzen utzi diren heskai edo zuhaixkekin, espazioak banatzeko erabili ohi direnekin, ondoko kaleetatik ikustea zaildu egiten baitute», gaineratu du.

Gainera ikertzaileak dio horien guztien eraginez, zailagoa dela inguruko jendeak, edozein hiritarrek, gerta daitezkeen erasoei erreparatzea eta horiek zapuztu ahal izatea. «Hori gutxi balitz, gainera, erasotzailea gune horiez balia daiteke erasoa egin baino lehen ezkutatzeko», gaineratu du Martinek.

Horrelako jokabideei aurre hartzeari eta emakumeen hiriko bizi kalitatea hobetuko duten proposamenak aurrera eramateari dagokionez, Martinen ustez, berdegune deritzen eremuetan «garrantzitsua da argiztapena eta parkeen, zuhaitzen, zuhaixken eta abarren mantentze lanak zaintzea. Eraikinez, lurpeko pasabideez eta halakoez ari garenean, berriz, saihestu egin beharko litzateke ikusgaitzak diren guneak diseinatzea, kontrol informala egitea zailtzen baitute».

«Berariaz aztertu behar da zer diseinu edo birdiseinu neurri har daitezkeen hirietako guneek eurek horrelako erasoak egiteko sortzen dituzten aukerak murrizteko"» gaineratu du.

Ikertzaileak azaldu duenez, «lortutako emaitzetatik zenbait ikerketa lerro sortu dira, eta lerro horietan aurrera egin ahala, hiri segurtasuna handituz joango da, gune publikoak diseinatuz eta kudeatuz, baita horrelako delituak aztertuz ere».

Hori dela-eta, «gure oraingo helburua da –dio– ikerketa nazio osora zabaltzea, ikusteko EAEn lortutako datuek bat egiten ote duten beste leku batzuetakoekin, eta orduan ekin diseinu- edo birdiseinu estrategiak proposatzeari, hirigune publikoak ziurragoak izan daitezen eta emakumeak askatasun osoz mugitu ahal izan daitezen hirietatik».