Mikel Zubimendi Berastegi

Kiwia salbatu, besteak hil

Historian aurrenekoz entseatuko den izurri deuseztatze programa baten eskutik, Zeelanda Berrian mila milioika arratoi, erbinude, zarigueia eta katu basatu hil nahi dituzte. Nazioaren sinbolo eta maorien jainko den hegorik gabeko kiwi hegazti aski ezaguna, besteak beste, salbatu ahal izateko errezeta bakarra dela iritzita.

Harrigarria da oso Zeelanda Berria, zinez ikusgarriak bertako fauna eta landaretza. Istripu geologiko eta historiko partikular baten ondorioz, odol beroa, larrua eta begi txiki borobilak dituzten animalia guztiak inbasoreak dira bertan. Izurria. Maoriek lehen, eta europar kolonoek gero, sartutako (eta sortutako) demontrea. Izan ere, bertako hegazti, intsektu eta landare endemikoei esker egin dute aurrera harrapari ugaztunek, espezie natibo asko desagertzeko zorian jartzeraino.

Zeelanda Berrian imajina dezakegu dinosauroena bezala gizakien desagerpena eman izan balitz, nolakoa izan zitekeen hegaztiak animalien hierarkian goi-goian dituen ekosistema bat. Munduan bakarra eta apartekoa den ekosistema du Kiwien Herriak. Euskararik gabeko Euskal Herria imajinatu bezain ezinezko ote da kiwiak desagertu zaizkion Kiwien Herria? Pentsa, Zeelanda Berriaren berezko isolamenduak gidatutako eboluzioak sortu zituen bertan hegorik gabeko hegaztiak, beren legea betez hegoak galdu zituztenak. Bada, hegorik gabeko hegaztien artean ikonikoena, kutunena, ezagunena, kiwia da. Zeelanda Berriko sinbolo nazionala, bertako espeziekin konexioa, naziotasunaren zutabe, maori herriaren jainko, munduan barrena herrialdeari izena emateraino: kiwi. Hegoafrikarrei springbok gazelak esaten bazaie, argentinarrei puma edo australiarrei aussie bezala, Zeelanda Berrikoei kiwi deitzen zaie.

Askazi zaharreko kreaturak

Kiwia bezala beste animalia txundigarri pila bat ere badaude Zeelanda Berrian. Eta jakina, Zeelanda Berri asko daude: herrialde bat, artxipelago bat, azpikontinente bat… Bi uharte erraldoik, hegoaldekoa eta iparraldekoa, eta ehunka txikiagok osatzen dute toki guztietatik urruti dagoen herrialdea. Tasmaniako itsasoak Australiatik banatua, Antartika ez hain urruti, eta, Hego Amerika, lekutan!

Zeelanda Berrian igelek bizkar orno bat gehiago daukate, Mesozoikotik datozen kreaturak daude, denboran oso urrutiko askazia dutenak, adibidez Tyrannosaurus rex bizidun kontsidera daitezkeen tuatarak, galdu den ordena batetik bizirik irtendako azken narrasti generoa. Barraskilo erraldoiak ere badaude, haragijaleak, guk espagetiak bezala zizareak xurgatzen dituztenak; matxinsalto itxura duten munduko intsektu handienak ere bertan daude, intsektuen erreinuko harribitxiak.

Kuriosoa da benetan egoera: Euskal Herrian tximeleten inbentarioa egiten edo txoriei eraztunak ipintzen dabilen naturalista Zeelanda Berrian zarigueiak pozoiz hiltzen edo trikuen buruak zanpatzen ibili beharko da aurrerantzean. Kasu, baina. Helburuak ameslari edo kixotezkoa dirudi, ofizialki ezarritako erronka benetan baita latza: Zeelanda Berria 2050. urterako harrapariz librea den herria izatea. Munduan lehen aldiz jarriko da abian horrelako egitasmo kolektibo bat. Ehunka milioi, milaka milioi karraskari, mustelido eta katu basatu hiltzea da xedea. Predator Free New Zealand deitu dute ekimena, ekologistak, filantropo dirudunak, Gobernua, baserritarrak, teknologia berrien konpainiak, inbertitzaile taldeak… eskuz esku lanean jarri dituen ekimena.

Baina arratoirik, zarigueiarik edo erbinuderik gabeko Zeelanda Berri bat, beti-betikoa, posible ote da? Oraingoan, behintzat, badirudi baietz, serio doazela. Harrapari inbasoreen izurria ezin kontrolatuzkoa eta populazioaren kontrol iraunkorraren politikaren porrota aitortuta, izurria guztiz desagerrarazi baino beste politikarik ez dagoela erabaki dute.

XXI. mendeko langintza

Izurriak deuseztatzea ez da kontu berria pertsonentzat, ezta atzoko kontua ere. Historian atzera eginez, Erdi Arotik harago eta honago, makina bat izurriri aurre egin behar izan dio gizadiak. Tranpak, pozoiak, toxinen airezko dispertsioa, denak probatu dira. Kiwien oraingo saioan, baina, izurriak suntsitzeko teknika XXI. mendera egokitu nahi da, punta-puntako teknologia, sentsoreak, irrati-seinaleak eta hodei konputazioaren bitartez mugikorretara bidalitako oharrak oinarri hartuta.

Teknologiarekin batera, proiektuaren berme, jendearen parte hartzea ezinbestekoa izango da, bazter guztietan aktibatuko den komunitatea. Nola funtzionatuko luke? Zero Invasive Predator konpainiarekin elkarlanean, armarik eta pozoirik gabeko ideia gauzatzean, zera landu dute: À-peu-près, halako baserri, beste horretako etxola edo herri hartako auzo apartatuenean bizi zarela imajinatu. Eta bat-batean mugikorra soinuka hasten zaizula poltsikoan. Eta mezu hau jasotzen duzula: “Bart erbinude bat zure baratzetik pasa da. Ehun metrotara dauka habia. Hil itzazu denak, mesedez!”.

Ehun milioi dolar baino gehiagoko aurrekontuagoa duen egitasmoaren teknologia ez da txantxetakoa. Gurina, kakahueteak edo kakao krema ipintzen dute zarigueiak, arratoiak edo erbinudeak inguratu eta sentsoreak dispara daitezen. Ez da zepoa jarri eta zain geratzea. Sentsoreak disparatzean irrati-seinaleak zabalduko dira, “sudur elektronikoen” sare baten baitan, harik eta mustelidoa edo arratoia habi edo gordelekura segi arte. Lokalizazio zehatza lortuta, satelite bidez basozain eta bertako jendeari pasako zaio, testu mezu gisa. Hil, kumaldi osoa, familia den-dena. Saio praktikoek oso emaitza politak eman dituzte eta droneak ere probatu dituzte. Etorkizunean are gehiago erabiliko direla ere aurreratu dute.

Imajinatzea libre

Euskaldunok ere ezagutzen dugu zertxobait izurriez. Edo ezagutu beharko genuke. Badakigu, esate baterako, tranpekin harrapatzeko erbinudea baino animalia makurragorik ez dela, hura bezain animalia azkar eta iheskorrik nekez topatuko dugula. Historian dokumentatuta daude izurriek gurean eragindako hondamendi batzuk, beltzak eta gorriak pasatutakoak baitira gure arbasoak. Zeelanda Berrian Zero Predator, bada, Euskal Herrian Zero Zabor; esperientzia praktikoak ekuazio erradikalen eskutik planteatzen badugu esperientzia on eta txarrik. Hortxe dugu, adibidez, Asiako liztor puska gurean gozo-gozo, gure erleen tragediarako, urtetik urtera habi eta lur eremu berriak hartzen.

Imajinatzen hasita, imajina dezakegu denetan munduko animalia arriskutsuena ate joka dugula. Hots, Aedes Aegypti eltxoa. Zika, dengea eta beste sukar gaizto askoren eramailea. Aspaldi atera zen Brasilgo Riotik Europarantz eta onartu beharko dugu, eta prestatu, denbora kontua dela etxeraino sartzea. Munduan zuzenean mehatxatzen dituen 4.000 milioi pertsonen artean gaude euskaldunok. Ez dugu aparte jaten; kuadrilla berekoak gar, alegia. Edo konparazio baterako, Erriberan dugu jada, erabat nafartuta, Asiako tigre eltxoa, Aedes Aegypti eltxoaren lehengusua, eta, potentzialki, gaixotasun zitalen eramailea.

Eta praktikatzen jarrita, praktikatu beharko genituzke izurrien kontrako deuseztatze metodo edo tresna berriak. Izurria ez delako inoiz izan Erdi Aroko kondaira bat, ezta izango ere. Zeelanda Berrian zenbakiak eginez eta esportazioari begira ari dira, izurriak desagerraraztea negozio interesgarria dela kontsideratuz. Kapital diziplina bat, helburu neurgarriak, inbertsio irizpide argiak, teknologia berrien aplikazio iraultzaileak, denak imajinatu dituzte. Denak imajinatu beharko ditugu. Denak, edozer, toxinen airezko dispertsio indiskriminatu eta garestia baino lehen.

Harraparia, izurri

Aipatu bezala, saguzar espezie bakan batzuk kenduta, odol beroko harrapari ugaztun guztiak inbasoreak dira Zeelanda Berrian. Broma gutxi, denak hiltzea erabaki dute. Haien nazioaren nortasunaren muineko animalia eta landare kutunak kinka larrian utzi dituzte harrapariok. Urtero-urtero, izan heldu, txita ala arrautza, milioika hegazti hiltzen dituzte. Denetan erasotzaileen, hilgarrien, hondamendi handien eragileen, mustelidoak (bereziki erbinudea), zarigueiak, arratoiak eta katu basatuak.

Egia da, erbinude, arratoi, zarigueia, sagu, katu basatu… den-denak hil nahi izateak krudela dirudi. Ezohikoa. Egia da, halaber, “munduan lehen aldiz” formatuan saldu dutela, balentria nazional lez, kasik gizakia ilargira iritsi zenekoaren pareko. Mila milioika ugaztun desagerraraztea asko da, bai. Gauza jakina da, ordea, eta eztabaida ez da kapritxosoa, egitasmoak bi salbuespen izango dituela: familiako maskotak (basatu eta berezko ehizarako sena gara dezaketenak) eta gizakia, bi hankako munduko ugaztun harrapari arrakastatsuena.

Edonola ere, hegorik gabeko hegazti endemikoen harrapari handienak zarigueiak eta erbinudeak dira. Zarigueia, hain irrigarri eta adorablea dirudien animalia, 1911. urtean sartu zuten Zeelanda Berrian larru industria garatzeko asmotan. Kiwi ehiztari amorratua da, baina. Helduak, txitak, arrautzak… denak jaten ditu, baita kiwiak jaten dituen zizare eta intsektuak ere, denak barrura! Erbinudea, aldiz (hudoa eta erbinude zuria bezalako beste mustelidoak ere badaudela ahazteke), 1800. urtean sartu zen Zeelanda Berrian. Bizitzaren ironiak eta logika perbertsoak zer diren! Zertarako eta untxi izurria kontrolatzeko, espezie sartze desastre bati sartze desastrosoago batez erantzunez! Bistan da, hegorik gabeko txitak ehizatzea (bere pisua baino bost aldiz handiagoa dutenak ere hiltzen ditu!) edo arrautzak jatea untxia harrapatzea baino errazagoa da erbinudearentzat. Norentzat eta ehizatzen ikaragarri eraginkorra eta ehizatua izaten batere erraza ez den kreatura eder honentzat.

Karraskarien artean, lau espezie zenbatzen dira Zeelanda Berrian: Kiore arratoia (maoriek sartutakoa eta zenbait tribuk gurtutakoa), Norvegiako arratoia, itsasontziko arratoia eta etxeko sagua. Maoriek, Polinesiatik 1300 inguruan Zeelanda Berrira heldutako lehen gizakiek, Kiore arratoia ekarri zuten beraiekin, jateko erabiltzen zutena. Baina berehala hedatu ziren, intsektu, lurreko habien arrautza eta bestelakoekin elikadura ez zitzaien-eta falta.

Karraskariek ez dute kiwia zuzenean ehizatzen, baina zinez min handia egiten diote. Ez bakarrik kiwien arrautzak jaten dituztelako, kiwien elikagai eta basoen birsorkuntzarako ezinbestekoak diren fruituak janez izugarri kaltetzen dutelako ekosistema, baita kiwiak ehizatzen dituzten harraparien elikagai direlako ere, erbinude edo katu basatuen populazioak mantentzen lagunduz.

Trikuak ere badira. Izatez ez dira karraskariak baina bai inbasoreak. Eta ezin dira aipatu gabe utzi. Trikuek ez dietelako muzin egiten kiwien arrautzei, eta, batez ere, kiwiaren oinarrizko elikagaien (zizareak, zomorroak, fruituak…) jatun amorratuak direlako.

Azkenik, katu basatuen kasua dator. Ehiztari apartak dira, hegorik gabeko hegaztien amesgaizto. Beren populazioa asko handitu da azken urteotan eta katu maskotekin nahastu egiten dira, elkarkidetzak josten dituzte. Kostako da, kostako denez, katu basatu den-denak desagerraraztea.

Dudarik ez, Zeelanda Berriko arratoi, zarigueia eta erbinude den-denak desagerrarazita ere, katu maskotek biodibertsitatearen lehen mailako mehatxu izaten jarraituko lukete. Ez dirudi sinesgarria, horrenbestez, harrapariz libre den herrialde bihurtu nahi izatea etxeko katu mordoa izanik: maskota ala ez, katua beti katu. Katuok baso eta ekosistema natiboetara sartuko balira, akabo. Beste behin, harraparirik gabeko asmoa, izurri deuseztatze programa erradikala, herren.

Dena ala ezer ez

Datuak beldurgarriak dira. Harrapariok sartu zirenetik, Zeelanda Berriko hegazti endemikoen laurdena desagertu da, eta geratzen diren gehienek justu-justu eusten diote, harraparirik gabeko urrutiko irla txikietan babestuta. Gauzek martxa berdinean jarraituta, belaunaldi batean edo pare batean kiwien lurraldea kiwirik gabekoa izango dela kalkulatu da. Herri bat batu eta identifikatzen duen sinboloa denez, egoera emergentzia nazionalekoa dela esan daiteke, bai.

Uharte isolatuetako santutegietan hazten diren hegaztiekin ez dagoela egungo maldan beherari aurre egiterik, ez zaiola buelta ematen egungo joerari aipatzen dute adituek. Nahitaez libratu behar direla harrapariz bi uharte handiak, ez dagoela erdibiderik, dena ala ezer ez bat dela.

Horrela denik ez da hemen ukatuko, noski. Pentsatzen jarrita, baina, animalia edo landare, espezie inbasoreak nonahi daudela ere esan daiteke. Denok gaudela espezie inbasorez inguraturik. Hau da, orain guztiz desagerrarazi nahi dituzten espezie inbasoreok Zeelanda Berria inbaditu izan ez balute, agian, bertako espezieek inbadituko lituzketela beste lurralde batzuk. Igual planetaren destinoa hori da. Espezien talkak etengabekoak izango dira etorkizunean eta biodibertsitate handiena gordetzen duten irletako animaliak ordainduko dute beti prezio altuena. Egoera ikusita, hori bai, erantzun bat izan daiteke Zeelanda Berriak mahai gainean jarritakoa.

Badira ere, zertarako ukatu, bidezkotzat jotako egoera historiko bateko ekosistema berritzeko saioak kritikatzen dituztenak. Besteak beste, batere praktikoak ez direlako. Ekosistema berrien errealitatea onartu eta Lurreko espezie guztien kudeaketa planifikatu behar dela uste dute, porrotera kondenatutako espezien kontserbazio politiketan tematzeke. Zeelanda Berritik datorren egitasmo honen aurrean, kontu denetan gertatzen den bezala, ateoak eta sinestunak daude, ortodoxoak eta heterodoxoak.

Harraparirik gabeko Zeelanda Berria lortzea ez da erraza izango. Inolaz ere. Baina santutegien bidea lehenetsi duten naturalistek diotenez, hori da dagoeneko egiazki jokoa alda dezakeen apustu bakarra. Bai, desafio aparta da benetan. Maorien tribuetatik, baserritarretik, ekologista erradikal eta filantropo aberatsetaraino, denak lanari lotu eta muga guztiak pasatuko dituen desafioa. Ez da erraza izango, baina ahalegina martxan da dagoeneko. Merezi du. Besteak beste, txoriari hegoak ebakiz gero, ez delako inoiz kiwi bat izango.

 

Kiwiak hegoak nola galdu zituen azaltzeko legenda

Maorien tradizioan bizidun guztiak Rangi-nui (Zeruaren Aita) eta Papa-u-a-nuku (ama lurra) kreatzaileak batu izanetik datoz. Kreatura eta natur baliabide oro beren bi umeen (Tane-mahuta eta Tangaroa) ondorengoak dira. Tane-mahutak sortu zituen txoriak, basoak eta gizakiak. Eta tradizioaren arabera kiwia bere ume zaharrena izan zen.

Maorien legendaren arabera, Tane-mahutak behinola txori guztiak deitu zituen batzarrera. Zuhaitzen sustraiak zomorroek jaten zituztela eta gaixotzen hasiak zirela ikusita, ea haien artean basoko alturetatik lurrera jaisteko boluntariorik bazen galdetu zien. Tui hegaztiak lurreko iluntasunak, eguzkitik hain urruti egoteak beldurtzen zuela esan eta ezezkoa eman zuen. Pukekoak ere, basoko lurra hotzegia eta giroa hezeegia iritzita, ezezkoa eman zuen. Pipiwharauroak, bere habia egiten lanpetuegi zegoela-eta berdina esan zuen. Kiwiak, baina, baiezkoa eman zuen.

Horrek asko poztu zuen Tane-mahuta. «Ohartzen al zara potolo hazi, lurreko zomorroak bilatzeko hanka indartsuak izan, zure luma koloretsuak galdu eta ezin izango zarela inoiz basoko altueratara itzuli?» ohartarazi zion Tane-mahutak, baina, kiwiak, hala ere, baiezkoan segitu zuen. Orduz geroztik, tuiari eztarriaren pean bi luma txuri hazi zitzaizkion, koldarkeriaren seinale. Pukekoa betiko biziko zen zingiretan, bere hanka busti-bustiekin. Eta pipiwharauroak ez zuen gehiago habiarik egingo, kukuak bezala bere arrautzak beste hegaztien habietan utziz.

Kiwiaren sakrifizio handiak txori denetan maitatuena bihurtu zuen. Basoa zaintzeko Tane-mahutari eman zion laguntzarekin, zeelandaberritarrek egun hainbeste miresten dituzten nortasun ezaugarriak erakutsi zituen kiwiak: osotasuna, umiltasuna, leialtasuna, konpromisoa eta kuraia.