
Gernikako Arbolaren aitzinean izan da larunbat honetan EH Bildu, gobernu programaren aurkezpena egiteko. Aurkezpenean, Arnaldo Otegirekin batera, Jasone Agirre, Miren Larrion eta Maddalen Iriarte izan dira.
Orotara, enplegua, kultura, hezkuntza, zerga politika, pentsioak, gazteak, emakumeak eta abarretan oinarritutako 720 neurri proposatu ditu koalizio subiranistak, horien artean: 27 lege proposamen, 26 plan estrategiko, 19 kontseilu eta batzorde herritar berri, zortzi behatoki berri, bost herri galdeketa proposamen, hiru agentzia berriren sorrera eta zazpi erakundeen arteko elkarlanerako gune berri bat.
Kultura, hezkuntza eta hizkuntza alorretako proposamenak egin ditu Agirrek. Besteak beste, Lomce eta Heziberri dekretuen aurka agertu da, hezkuntza sistema propioa aldarrikatuz eta hezkuntza akordio bat sustatzeko borondatea adieraziz.
Larrionek hartu du hitza Agirreren ostean, arlo sozioekonomikoaz jarduteko. Besteak beste, 1.080 eurotako gutxieneko pentsioak aldarrikatu ditu, eta etxebizitza legea garatzeaz gain Etxegabetzeen Kontrako Legea sortzea proposatu du. «Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren sarbiderako baldintza eta kopuruak aldatu egingo ditugu eta denok lan duina izan dezagun 35 ordutako lanaldia eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarriko ditugu», gaineratu du.
Iriartek, aldiz, gobernantza ereduari heldu dio, politika jendearen zerbitzura jarri behar dela azpimarratuz. Hala, ondorengo proposamenak luzatu ditu, beste batzuen artean: lehendakari eta goi karguen soldatak gutxienez %25 murriztea, gobernu eta legebiltzarrean kontrol sozialerako osoko bilkurak jartzea eta herritarrek kargu publikoak kargugabetzeko legea sortzea.
Arnaldo Otegik, berriz, burujabetzaren bidean urratsak egiteko lau puntuko proposamen zehatza jarri du mahai gainean: «1) Gehiengo politiko, sozial eta sindikalak babestutako herritarren subiranotasun osoa helburu duen bide-orria adostu eta ezarri, akordio sozial eta politiko zabalez. 2) Erabakitzeko eskubidea aitortuko eta praktikara eramateko bermeak eskainiko dituen estatus politiko berri baterako proposamena. 3) Estatus politiko berria berresteko herritar kontsulta abilitatzailea. 4) Estatu espainolak izan dezakeen jarreraz gaindi, galdeketa abilitatzaileaz euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea estatus politiko berriaz, errespetatu eta garatzeko konpromisoa».

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du Miribillan bildutako euskararen komunitateak
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia
