NAIZ
DONOSTIA

Amnistiaren norabidean, manifestazioa egin dute 5.000 lagun inguruk Donostian

Preso eta errefuxiatu ohiek deituta, manifestazioa egin dute milaka lagunek Donostian. Konfrontazio fasearen amaiera aldarrikatu dute, eta preso eta errefuxiatu politiko guztiak etxean izan arte lanean jarraituko dutela ohartarazi dute.

Preso eta iheslari ohiek deitu duten manifestazioaren burua. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Preso eta iheslari ohiek deitu duten manifestazioaren burua. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

'Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera' lelopean, 5.000 pertsona inguruk manifestazioa egin dute Donostian, preso eta iheslari ohiek iragan astean eginiko deialdiari jarraiki.

Manifestazioaren hasieran egin dituzten adierazpenetan, konfrontazio fasearen amaiera aldarrikatu dute, bai eta preso eta iheslari guztiak etxean izan arte lanean jarraituko dutela ohartarazi ere. Antton Lopez Ruiz ‘Kubati’ izan da bozeramailea. «Herri honek bakea behar du, baina helburu hori ezin da lortu ez baditugu preso eta iheslariak etxera ekartzen», esan du Bulebarreko erlojuaren azpian, hitzordua zuten lekuan, martxa abiatu aurretik.

Puntual atera dira, 13.30etan, eta hiriko kale nagusiak zeharkatu ditu ‘Amnistiaren norabidean, presoak etxera’ zioen pankartak. 40 minutu inguru iraun ditu manifestazioak eta Bulebarraren hasieran amaitu da. Pankartari buelta eman eta manifestariei begira jarri dute. Bertan ‘Eusko Gudariak’ kantatu dute batera eta presoen aldeko aldarriak bota ostean, amaitutzat jo dute mobilizazioa.

ATAk ere Donostian

Preso eta iheslari ohiek deitutako manifestazioa amaitu ostean ekin dio bere bideari Amnistia eta Askatasuna mugimenduak deiturikoak. 600 pertsona inguruk babestu dute deialdi hau. 14.00etan atera dira Bulebarreko erlojutik eta aurreko manifestazioaren antzerako ibilbidea egin ostean, Alde Zaharrean murgildu dira euren aldarriak ozenki esanez.