NAIZ
GASTEIZ

«Herri duin» bat xede, erreskate sozialerako proposamenak plazaratu ditu EH Bilduk

«Herri honek aurrera egin dezan» herri akordio zabalak lortzeko garaia dela azpimarratu du EH Bilduk, «arlo ekonomikoan eta sozialean ere bai». Hori dela-eta, «herri duin» bat lortzeko, erreskate sozialerako zenbait neurri azaldu ditu Mikel Otero Arabako hautagaiak.

Mikel Otero eta Arnaldo Otegi, EH Bilduko beste hainbat kiderekin Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Mikel Otero eta Arnaldo Otegi, EH Bilduko beste hainbat kiderekin Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Salburua auzoan izan dira Arnaldo Otegi eta Mikel Otero EH Bilduren bozeramaileak, etxebizitza eta lana duten herritarrek ere, batez ere gazteek, bizi duten «egoera kaskarra» irudikatu nahian.

Egoera horri aurre egiteko, EAJ eta Podemosi zein eragilei sozialei dei egin die Otegik. «Ez da txikira jokatzeko eta alderdi interesak lehenesteko unea», esan du. «Herri ikuspegia izango duten akordio handiak bilatzeko unea da, arlo ekonomikoan eta sozialean ere bai», gaineratu du.

Otegiren aburuz, «dezepzionagarria» da Podemos eta EAJ alderdiek «jokoan dagoena herri honetako etorkizuna dela ez konturatzea eta erantzukizunik eta herri ikuspegi gabe jokatzea».

Mikel Oterok, bere aldetik, nabarmendu du EH Bilduren helburua «herri duin» bat lortzea dela eta, erreskate sozialerako koalizio abertzaleak dituen proposamenak plazaratu ditu.

Horien artean aipatu ditu, esate baterako, 35 orduko lan astea ezartzeko legea bultzatzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, enplegu publikoak Europako bataz bestekoarekin parekatzea, industria biziberritzeko 800 milioi euroko inbertsio funtsa sotzea, ume eta nerabeentzat oinarrizko errenta bultzatzea eta Legebiltzarrean etxegabetzeen aurkako legea sustatzea.

«ERE batek, kaleratze batek, hipotekaren 600 euroak ez ordaintzeak edota hilabete bukaerara ez iristeak bizitza guztia kolokan jarriko ez dionaren segurtasunarekin bizi den herria nahi dugu», aldarrikatu du Oterok.