NAIZ

Zobaran eta Goieaskoetxearen egoera salatuz gutuna igorri dio Bagoazek Justizia ministroari

Bagoaz kolektiboak Jean-Jacques Urvoas Justizia ministroari eta Philippe Galli presondegien administrazioko lehendakariari  gutuna igorri die Aletxu Zobaran eta Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoen egoera salatu eta konponbidea jartzeko eskatuz.

Zobaran eta Goieaskoetxearen egoera salatzeko elkarretaratzea egin zuten Bilbon frantziar Kontsulatuaren aurrean.
Zobaran eta Goieaskoetxearen egoera salatzeko elkarretaratzea egin zuten Bilbon frantziar Kontsulatuaren aurrean.

52 egun igaro dira Aletxu Zobaran eta Ibon Goieaskoetxea Valence presondegiko mitardera urrundu zituztela eta atzo bertan, Zobaranen ziegari su eman zioten, espetxean izan zen matxinada batean. Hau salatzeko, Bagoaz kolektiboak Jean-Jacques Urvoas Justizia ministroari gutuna igorri dio egoera salatuz. Era berean, Philippe Galli presondegien administrazioko lehendakariari ere bidali diote.

Frantziar espetxe administrazioak legea eta nazioarteko testuak ez dituela betetzen salatu dute. Bi presoek pairatzen duten «egoera jasanezinari» amaiera jarri behar zaiola nabarmentzen du gutunak.

«Administrazioaren ekintza arduragabe eta probokatzaileak hauek arbuiatzen ditugu», gehitu dute. Modu berean, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren aurrean eta EPPK-k eta nazioartetik iritsi diren babesen aurrean, «bakearen aurkako» agertzea leporatu diote administrazioari.

Egoera honi amaiera jarri eta Zobaran eta Goieaskoetxea Lannemezan edo Mont de Marsaneko espetxeetara gerturatzea eskatu dute.