Jon Ormazabal

Aimar Olaizolak eta Iker Irribarriak ligaxkako lehen puntuak eskuratu dituzte

Goizuetakoak 22-19 irabazi dio partida handia egin duen Oinatz Bengoetxeari Iruñean eta Aramakoa 22-14 gailendu zaio Victorri saketik hamar tanto eginda

Aimar Olaizola eskuinez pilota bat astintzen (Jagoba MANTEROLA/ ARGAZKI PRESS)
Aimar Olaizola eskuinez pilota bat astintzen (Jagoba MANTEROLA/ ARGAZKI PRESS)

Iruñean, partida ikusgarri batean, Aimar Olaizolak bere errepertorioko errematerik onenak atera behar izan ditu Oinatz Bengoetxearen erritmo itogarritik ihes egin ahal izateko. Lehen bi tantoak gorriak izan badira ere, Leitzakoak oso ondo ekin dio partidari, piloteoan erritmo bizia ezarriz eta Aimar bere mendean erabiliz. Udan aukera guxi izan ditu Bengoetxea VI.ak eta oso motibatua irten du kantxara 2-5 eta 3-7 aurreratzea lortuz.

Lehen partidaren zalantzekin, zazpi aldiz txapeldun izan denari kosta egin zaio partidan behar bezala sartzea, momentu batzuetan ezinean aritu da, baina unerik zailenetan bere kalitateak aurrera egiteko balio izan dio. Saketik zuzenean tantorik egin ez duen arren, sake-erremate latzak sartu ditu eta lehia orekatzeko balio izan dio. Hala ere, kosta egin zaio, asko gainera, markagailua berdintzea (16-16). Bigarren atsedenaldi luzera ere Bengoetxea VI.a bi tantoz aurretik heldu da, baina azken txanpan, suerte apur bat lagun, berriz ere sake-errematearekin asmatu eta lehen tantoa eskuratu du (22-19).

Oso bestelakoa izan da Etxebarriko partida, azkarra eta 113 pilotakada baino izan ez dituena, eta Iker Irribarriak nahikoa erraz irabazi dio Victorri, nahiz eta errioxarra 2-7 aurreratu den. Sakearekin min ikaragarria egin dio gerora, ordea, buruz buruko txapeldunak –denetara 10 tanto sartu dizkio lehen pilotakadarekin eta Ezcaraykoa disolbatu egin da. Partida hasieran onena egiteko gai izan den bitartean, bere burua markagailuan atzetik ikusi duenean oso bigun agertu da eta ez dio partidari eutsi.