@gara_miantzi
Pasaia

Giza katera batu eta erabakitzearen alde boga egitera animatu dute Oiartzualdeko arraunlariek

Datorren martxoaren 19an Oiartzualdeko herritarrek etorkizunerako nahi duten herri proiektuaren inguruan hitza eman ahal izanen dute. «Behingoz, erabaki nahi dugula esateari utzi eta erabakitzen ari garela esan ahal izango dugu», nabarmendu dute eskualdeko arraun taldeetako arraunlariek. Urrutira joan gabe, azaroaren 6an jarri dute lehen erronka handia: Pasaiako badia inguratuko duen giza kate infinitua osatzea. Oiartzualdeko jende guziari bertan parte hartzeko deia luzatu diete arraunak eskuan.

Oiartzualdeako arraunlariek bat egin dute erabakitzeko eskubidearekin. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Oiartzualdeako arraunlariek bat egin dute erabakitzeko eskubidearekin. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

«Guk badakigu taldean batzeak ematen duena. Oso ondo ezagutzen dugu guztion eskuak batuz lortzen den indarra. Eta jakin badakigu guztion indar horiek batuz eta boga eginez baino ezin garela iritsi amesten dugun helmuga guztietara». Hala dio Oiartzualdeko arraun taldeetako hainbat arraunlarik idatzitako testuak.

Hibaikako Eli Pescador eta Alex Orena; San Juaneko Aitor Ugarte eta Irati Salazar; San Pedroko Josu Beristain; eta Trintxerpeko Xabi Goienetxea eta Xobane Uribarrena bildu dira gaur arratsaldean Pasai Donibanen, Demoarsoren eta Gure Esku Dagoren ekimenari babesa adierazteko.

Datorren martxoaren 19an hitzordu garrantzitsua dute Oiartzualdean: etorkizunerako nahi duten herri proiektuaren inguruko galdeketa. Eta bide horretan, mugarri handi bat jarri nahi dute azaroaren 6an, Pasaiako badia eskuz esku inguratuz, erabakitze eskubidearen aldeko giza kate anitz eta infinitu batekin. «Gurekin boga egiteko deia luzatzen dizuegu hemendik, Euskal Herritik Europara, Atlantikora eta mundura zabaltzen den ate honetatik. Azaroaren 6an, beraz, lotu zuen eskuak eta irabazi etorkizuna».