NAIZ
DONOSTIA

«Erraustegiaren zorraren festa» egingo du Gipuzkoa Zutikek Hernanin, hilaren 29an

Zubietako erraustegiaren aurka sortutako Gipuzkoa Zutik dinamikak bi deialdiren berri eman du: hilaren 29an Hernanin egingo duten ‘Erraustegiaren zorraren festa’ eguna eta lau egun lehenago, 25ean, Donostiako Bulebarrean egingo duten asanblada irekia.

Gipuzkoa Zutik mugimenduaren mobilizazio bat, Donostian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Gipuzkoa Zutik mugimenduaren mobilizazio bat, Donostian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bidez, Gipuzkoa Zutik mugimenduak bi data markatu ditu egutegian. Alde batetik, urriaren 29an Hernanin ospatuko duten ‘Gipuzkoako erregimena errefuxara. Erraustegiaren zorraren festa’ eguna. Plaza Berritik GHKra egingo duten martxa batek irekiko du egitaraua eta, herri bazkariaren ostean, bestelako jarduera batzuk eskainiko dituzte: bertsoak, poesia musikatua, haurrentzako jolasak eta kontzertuak (DJ Miau, Morau eta Duo D'Oporto).

Bestalde, datorren asteartean, hilak 25, asanblada irekia egingo dute Donostiako Bulebarrean, Hernaniko zitarako lan banaketa egin eta Gipuzkoa Zutiken hurrengo urratsez mintzatzeko.

Bi deialdi hauen harira, azpimarratu dute «pagotxa» bukatu egin zaiola «Gipuzkoako erregimenari». Herritarren %99aren dirua «beste 35 urtez zurrupatu» eta airea kutsatzeko asmoaren aurrean borrokan jarraituko dutela nabarmendu dute.

«%99aren bizkar bizitzea ez da doan!», salatu dute.