NAIZ
BAGDAD

Mosuldik hurbil dagoen hiri estrategiko baten %80 askatu dute indar irakiarrek

Estatu Islamikoaren (ISIS) esku dagoen Mosul hiritik zortzi bat kilometro ekialdera dagoen Bartala hiri estrategikoaren lurren %80 askatu dituzte indar irakiarrek, Fadel Barwari koronelak jakinarazi duenez. Peshmerga kurduak ere Mosul ekialde eta iparraldean ari dira borrokatzen.

Estatu Islamikoari Mosulen kontrola kentzeko operazioan parte hartzen ari diren soldadu irakiarrak. (Ahmad AL-RUBAYE/AFP)
Estatu Islamikoari Mosulen kontrola kentzeko operazioan parte hartzen ari diren soldadu irakiarrak. (Ahmad AL-RUBAYE/AFP)

Barwari koronelaren arabera, Bartala inguruko lurren %80 askatu dituzte, baina gainerako %20ean badaudela oraindik jihadisten esku dauden guneak.

Modu honetan, azken orduetan aurrera egin dute indar irakiarrek, atzo Bartala erdigunea kontrolpean hartu eta gero.

Mosulen kontrola hartzeko erasoaldian garrantzia estrategikoa du Bartalak, alde batetik Estatu Islamikoaren defentsa lerro nagusia delako eta, bestetik, Mosulerako bide nagusia bertatik igarotzen delako.

Indar irakiarren erasoaldiarekin batera, peshmerga kurduak hiru frontetan ari dira borrokan, Mosul ekialde eta iparraldean.

Barwariren esanetan, kurduek inguratuta daukat Bashiqa ingurua (Mosuldik 15 kilometrora) eta bertan sartzeko errefortzuen zain daude.

2014ko ekainetik Estatu Islamikoaren kontrolpean dagoen Mosul hiria hartzeko indar kurdu eta irakiarrek abiatutako operazioak bost egun bete ditu.

Beste alde batetik, Kirkuk hiriaren hegoaldeari eraso egin dio ISISek eta, bertako iturri ofizialek esan dutenez, hainbat komisaldegi hartu ditu kontrolpean.