Irati Jimenez

Donald Trump, komediaren aingeru apokaliptikoa

Aurtengo AEBetako hauteskunde kanpaina ez da historiara pasako bere maila politikoagatik, baina ezin ukatu komediarako izan duen gaitasuna. Komedia egileak bapo ibili dira Donald Trumpen bueltan. Azkenean, baina, txistea negargarria gerta daiteke, ezkutaketan ibili gabe eta astapito bat zela agerian utzita, Etxe Zuriaren ateetara iritsi baita Trump.

trump
trump

Trump Dorrea, 2015eko ekainaren 16a. Abizen bereko milioiduna eskailera mekanikoan agertu zen eta Ameriketako Estatu Batuetako presidente izatera iritsi nahi zuela adierazi zuen, antigramatikaren historiara pasako den hitzaldiarekin. Denetarik zeukan, sasizientzia, misoginia, xenofobia eta politikagintzari buruzko ezagutza falta ikusgarria. Inork ez zuen uste ego erraldoiaren eta esku txikien hautagaia Etxe Zuriaren ateetan ikusiko genuenik; hala, AEBetako komikoek aste batzuetarako txisteak prestatu zituzten, Jeb Bush hautagai izendatuko zuen kanpainaren ateetan zeudelakoan. Urte eta erdi geroago, ordea, Bush gaztea txiste bihurtu da, txistea zirudien gizonak lortu du presidentegai izatea, eta telebistan komikoen belaunaldi berri bat bere kontra altxatu da. Donald Trump botoi nuklearretatik hurbil egon litekeen honetan, komikoen belaunaldi berri batek lehertuko bagara barrez izan dadila aldarrikatu du.

Jon Stewarten orgasmoa

«Eman diezaiogun hasiera berri bat askatasunari, ez dadin Lurraren azaletik gobernu hau desagertu, herritik, herriak eta herriarentzako sorturiko gobernu hau». Gerra zibilaren bukaeran, Abraham Lincolnek hitzaldi gogoangarria egin zuen, Gettysburgheko gudu zelaian. 152 urte geroago eta beste hamasei hautagai atzean utzi ondoren, Lincolnen alderdiak aukeratu duen hautagaiak beste era bateko erretorika erabili zuen bere lehen hitzaldirako, eztabaida publikoaren aro berri bat zabalduz.

Hedabideak etorkin mexikarrei buruz esan zuenarekin geratu ziren –«drogak ekartzen dituzte. Krimenak ekartzen dituzte. Bortxatzaileak dira. Eta pentsatzen dut batzuk pertsona onak izango direla»–, baina politikarien kontra ere jo zuen –«ergelak dira»–, japoniarren kontra –«milioika auto bidaltzen dizkigute eta noiz ikusi duzu Tokion Chevrolet bat?»– edota txinatarren kontra –«txikitu egiten gaituzte»–. Joskerarik gabeko hitzaldia izan zen, kontraesanez betea, surrealista.

Momentu hartan, AEBetako komedia politikoaren erreferentzia nagusiari sei aste geratzen zitzaizkion Comedy Central telebista kateko saioa uzteko. Donald Trumpen hitzaldia entzun ondoren, Jon Stewartek, “komedia liberalaren aita santuak”, eskerrak eman zizkion, «nire azken asteak nire asterik onenak egitearren». Hogei urte zeramatzan “The Daily Show” saioa egiten eta ezin zuen imajinatu Trump larrutzea baino bukaera hoberik. Bere kolaboratzaile guztiekin batera, talde-orgasmo bat eta guzti antzeztu zuen, aurrean zituenen barreei aurre hartuta. Orduan inork ezin zuen imajinatu, ezta Stewartek berak ere, “The Apprentice” reality arrakastatsuaren protagonista Teddy Roosvelten alderdiko hautagai bihurtuko zenik. Are gutxiago “trumperaz” baino hitz egiten ez dakien gezurti patologiko eta megalomano batek benetako aukera izango zuenik AEBetako 45. presidente bihurtzeko. Jon Stewarten azken aste haiek txiste gogoangarri asko eman zituzten eta profezia ilun bat, Trumpek lor zezakeela beste hautagai guztiek inoiz lortu ez dutena: ezkutaketan ibili gabe eta astapito bat zela agerian utzita hauteskundeak irabaztea.

Trump epelak esaten, eta, Terminator, epel

Posible ote da? Inkesta ia guztiek ezetz diote, baina Hillary Clintonen garaipenak egina zirudien bakoitzean aurkariak distantziak laburtzea lortu du. Urrian, “Access Hollywood” saioan egindako grabazio zahar bat argitaratu zenean “trumpismoarenak” egina zirudien. Emakumeak alutik «heldu» egiten dituela zioen, baimenik gabe, «izar bat zarenean edozer egin dezakezulako». “The late show with Stephen Colbert” saioren aurkezleak “misoginiaren El Dorado” aurkitu berri zela aldarrikatu zuen eta bere aukera guztiak hantxe bukatzen zirela esan zion hautagaiari, «munduko gozoki guztiekin ere ez duzu esaldi horren kiratsa ahotik garbituko, Donald». Beste askok berdin pentsatu zuten eta alderdikideak eurak Trumpen kontra azaldu ziren. Arnold Schwarzenegger Kaliforniako gobernadore ohiak «herria alderdiaren aurretik jartzeko unea» zela aldarrikatu zuen eta telebista bidezko bigarren eztabaidan Hillary Clintonek aurkariari eskurik ez ematea erabaki zuen. «Normala» esan zuen Stephen Colbertek, «orain badaki esku hori non egon den».

Trump hautagaia ez zen hil, ostera. Inkesta gehienetan atzean ageri da –azken egunotan egoera iraultzea lortzen ari dela badirudi ere–, baina, Brexitarekin gertatu zenaren ostean, inor ez da ausartzen Clinton presidente izango dela zalantza izpirik gabe baieztatzen. Hillary ez da batere hautagai maitatua eta badira oraindik botoa erabaki ez duten herritarrak ere. Bigarren eztabaidan, esate baterako, emakume musulman bat agertu zen, botoa nori eman ez zekiela, nahiz eta Trevor Noah komedianteak esan zuen moduan zaila den halakorik imajinatzea, Donald Trumpek musulmanei ateak itxiko dizkiela agindu duenean, «imajinatu marihuana erretzaile bat zer egin ez dakiena, pizza eskatu edo poliziari deitu».

Komiko berriak plazan

Emakume zuri eta gizon beltz baten semea, Trevor Noah iaz iritsi zen Hegoafrikatik AEBetara, Jon Stewarten lekua betetzera. Stewart erreferentea da satira politikoaren generoan eta hasieran kostatu egin zitzaion ardura horren zama sorbaldatik kentzea. Baina kanpainaren gaitasun komikoak bere lekua aurkitzen lagundu dio eta azkenean “trumpismoaren” kontrako militante komikoen brigadista bilakatu da. Izan ere, antz handiegia hartzen dio errepublikanoen hautagaiari bere kontinentearen parterik txarrenekin, «Afrikako diktadore batek bezala pentsatzen du, Nigeriako printze baten moduan egiten du iruzur, egiptiar buruzagi batek bezala mehatxatzen ditu aurkariak eta etengabe botatzen du pozoia ahotik, ebola balu bezala».

Trump oraindik hautagaia bilakatzeko lehian zegoenean, Trevor Noahren programan bere kanpainaren edukiak ezin hobeto laburbildu zituzten, hautagaiak gai bakoitzari emandako denbora aztertuta. «Denboraren %58 ze aberatsa den esateko baliatzen du, %10 zarata arraroak egiteko, %12 era guztietako talde etnikoak iraintzeko, %16 Jeb Bush kritikatzeko, %4 kanpainako gauza normalak egiteko». Trevor Noah izan da alderdi errepublikanoaren kontra gehien ausartu den komikoetako bat. «Errepublikanoek uste dute Trump ez dela haientzako hautagai egokia, baina Trumpek bezala Amerika pikutara doala uste dute, politikatik ez datozen negoziogizonak maite dituzte eta apustu egingo nuke Trumpen esaldi xenofoboak bukatzeko gai ere badirela». Azaroaren 8an Hillary Clintonek irabazten ez badu ezingo da esan Trevor Noahk ez duenik bere lana egin. Azken batean, politika komedia bihurtu bada, zergatik ez da komedia politika bihurtuko?

Baina balio ote du ezertarako?

Kanpainan zehar, AEBetako komediaren erregeek bihotza zatituta izan dute. Badakite, adibidez, Trumpen jarraitzaileek ez dietela kasurik egingo. Hautagaiak berak xaxatu ditu medio liberalen konspirazioaren kontra eta kritikak lapiko paranoiko horren su bilakatu dituzte, “Mundua vs Trump” eskema indartzen duten neurrian. “Real Talk” saioko Bill Maher komikoak esan duen moduan Trumpen jarraitzaileak daturik gabeko burbuilan bizi dira, errealitatetik kanpo. Obama ez zela AEBetan jaio esan zienean sinetsi egin zuten eta kontrakoa esan duenean –Hillary Clintoni errua botata gainera–, berriz sinetsi diote.

Maherren ustez jarraitzaile horiek «ez dira errukiz begiratu beharko genituzkeen pobre desesperatuak, urtean 75.000 dolar irabazten dituzten gizonak dira, arratsaldea tabernan ematen dutenak gin-tonic bat hartuta eta mundua gorroto dutenak euren zakilak jada ez duelako lehen bezala erantzuten». Hainbat eta hainbat emakume Trumpen sexu erasoak salatzen hasi zirenean, Maherrena izan zen eguneko txistea: «Esan egia, hemen zaudeten guztion artean nori ez dio Donald Trumpek hankartea ukitu?».

Serio demonio

Ez da falta kanpainan barre gehiegi egin dela esaten duenik ere. Obama presidentearen ustez, Trumpek horrenbesteko igoera izan badu inkestetan, askok serio hartu ez eta ikuskizun bilakatu dutelako izan da. Baina har liteke serio bere eskuen neurriekin obsesionatuta dagoen hautagai bat? Ez da txantxa. Duela 25 urte Graydon Carter kazetariak “Spy” aldizkarian Trump «atzamar txikidun pertsona baldar» gisa definitu zuen eta ordutik tarteka jasotzen ditu Trumpek berak bidalitako argazkiak. Denetan eskuak boligrafoz inguratuta eta ohar batekin agira dira: «TAMAINA NORMALEKOAK, IKUSTEN?». Egia da lanpostu serioa nahi duen gizonari gutxieneko seriotasun bat eskatu beharko geniokeela, baina hain ego hauskorra opari tentagarriegia da komikoentzat.

“Last Week Tonight” saioarekin Emmy saria irabazi duen John Oliverrek, adibidez, ia ez du aste bakarra pasatzen utzi «hamster itxurako esku txiki-txiki» horien lepotik txisteren bat egin gabe. Trumpen kanpaina ekitaldi, tuit eta hitzaldi gehienak ere kritikatu ditu, tartean azkenetako bat, New Yorkeko artzapezpikuak deituta urtero egiten den karitatezko afaria. Errepublikanoa ez zen batere fin ibili Hillary Clintonen lepotik barre egiterakoan eta bertan bildutakoek kontrako oihuren bat ere bota zioten. Porrot ederra, Oliverren ustez, katolikoak publiko bikaina zirelako, «platera hiru mila dolarretan ordaindu behar zen, Manhattaneko hotel garesti batean bildu ziren, denak ziren gizon zuriak eta gehienak sexu eskandaluetan zikinduta ibili dira».

Komikoak vs Trump

NBCko komediante ezagunenetako bat, bere izena daraman “Late night with Seth Meyers” saioko aurkezlea, izan da komikoen sentimendu kontraesankorrak definitzen gehien asmatu dutenetakoa. «Kanpaina hau karruselean ibiltzea bezalakoa izan da. Hasieran entretenigarria da, baina une batetik aurrera botagura ematen dizu». Botagurarekin edo gabe, Meyersek ere ondo jakin du hautagaiaren munizioari erantzuten. Errepublikanoak, adibidez, askotan esan du ez dituela inkestak sinesten bere mitinetan jende asko dagoelako. «Donald, jende asko leku batean biltzea presidente izateko aski balitz, gure hurrengo presidentea Ikea litzateke, larunbat arratsaldez».

Trump hautagaiak bere burua Lincolnekin konparatu zuenean ez zuen aipatu ere egin esklabotzarekin bukatu zuela. Meyersen erantzuna? «Zer gertatzen zaizu, ez duzu gogoratzen zer egin zuen edo nahiago duzu ez aipatu zure boto-emaileek ez diotelako barkatu?».

Stephen Colbert eta Trevor Noahrentzat bezala; Seth Meyersentzat ere hauxe izan da programa baten ardura berak bakarrik hartzeko lehen aukera eta baliatu egin du, komediaren dantzarako ez baitago halako ikuskizun mediatiko eta politiko batek ematen duena bezalako musikarik. Meyersen eskola izan zen “Saturday Night Live” mitikoak, adibidez, aspaldiko audientziarik onenak lortu ditu aurten Trump eta Clintonen eztabaiden parodiekin, bereziki Alec Baldwinek egindako Trumpen imitazio zoragarriekin. Trump berari ez zaizkio gehiegi gustatu –programa emititzeari uzteko eskatu zuen Twitter sare sozialean–, baina, halakoetan, azkurak zauria baino ez du seinalatzen. “Jimmy Kimmel Live” saioko izen bereko aurkezleak esan zuen moduan, «orain iruditzen zait Donald Trump Alec Baldwinek egiten duen Donald Trumpen imitazioa imitatzen ari dela».

Komedia bukatzera doa

«Trumpek galdu egingo ditu hauteskundeak. Galtzen badu galdu egingo duelako eta irabazten badu berea baino etxe txikiago batera mugitu beharko duelako. Eta beltzen auzune batean, gainera». Kaleko txistea da, baina Trumpek gehien gorroto duen ideia nabarmentzen du: galtzea. Nartzizista misogino batentzat halako garaipen batetik hain hurbil egotea eta azken unean emakume baten aurrean galtzea kolpe gogorregia izan liteke, eta, hirugarren debatean esan zuen moduan, azken unera arte ez du esango emaitza onartuko duen ala ez. Iruzurra salatu du, behin eta berriz, batere frogarik gabe eta horixe salatu lezake azaroaren 8an ere. Horixe egin zuen “The Apprentice” izeneko bere reality-ak “The Amazing Race” aurkariaren kontra Emmy saria galdu zuenean. Stephen Colbertek esan moduan «baliteke orain ere gauza berbera egitea, ‘The Amazing Racist’ bezala ere galtzaile geratzen bada».

Eta garaipena onartuko balu ere, errepublikanoek ez dute Trump erditik erraz kenduko. Antza denez, telebistako komedianteei horrenbeste eman dien gizonaren asmoa telebistan lekua egitea izan liteke, Trump TV proiektua martxan jarrita. Txarra litzateke errepublikanoentzat, ultraeskuinari hauspoa ematen jarraituko lukeelako eta errepublikanoek horra lerratu beharra balute oso zaila izango litzatekeelako alderdiarentzat horrenbeste behar dituen boto-emaileak erakartzea. Latinoak, beltzak edo musulmanak gutxiengoa ziren lehen baina demografia aldatzen ari da eta proiektu kontserbadoreak ere aldatu egin beharko du iraun nahi badu. Horixe da agian kanpainak agerian jarri duen azken ironia. Eskuinak eman ziola hauspoa Obamaren kontra edozer esateko prest zen gizonari eta emandako aterpean hazitako belekumea arazo bilakatu zaiola orain. Ez zuela presidente beltza nahi eta orain beste kolore bateko arriskua daukala begi aurrean. Orange is the new black, lagunok!