Maider IANTZI
URNIETA

Behar bereziak dituzten umeentzako zentro berria irekiko dute Urnietan

Ilusioz beterik eta obran jo eta ke lau hilabete eman ondotik aurkeztu dute Pausokako eta Urnietako Udaleko kideek behar bereziak dituzten haurrentzako errehabilitazio zentro berria, Gipuzkoako bigarrena Hernanikoaren ondotik. Larunbatean izanen da inaugurazio jaia.

Pausoka elkartearen eta Urnietako Udalaren elkarlanaz, eta boluntarioen ahalegin itzelari esker irekiko da abenduaren 1ean behar bereziak dituzten haurren errehabilitaziorako zentro berria Urnietako Idiazabal kaleko 13. zenbakian.

«Azkenean lortu dugu» erranez hasi zuen Maria Lesaca Pausokako ordezkariak aurkezpena. Behar bereziak dituen bere seme Markel Galiziako zentro batean ibili zen errehabilitazioan eta izugarri hobetu zen. Baina hona etorri eta ez zegoen deus. Orain, gurasoen eta boluntarioen babesaz, Gipuzkoan bi zentro dituztela azaldu zuen harro, bat Hernanin eta bigarrena Urnietan. Lurralde osoko umeak eta familiak artatzen dituzte, baita hendaiar bat ere. Barakaldotik etortzen zitzaien bertze sendi bat, baina distantzia handiegia zen txikiarentzat astean hiru aldiz joan-etorria egiteko eta utzi egin zuen azkenean. «Eurek han zentro bat zabaltzeko borrokan ari gara. Nafarroan ere egingo dute. Guk dakiguna irakasten diegu», adierazi zuen.

Pausoka 2012an jaio zen behar bereziko haurren errehabilitazio prozesu pertsonalizatu eta bereiziak gauzatzeko. Dozena bat familiarekin eta bi terapeutarekin hasi zen proiektua 110 sendi eta hamar espezialista izatera iritsi da, eta txiki gelditu da Hernaniko lokala.

Bertako funtzionamendu bera izanen du Urnietako bigarren zentroak. Honako zerbitzuak jasoko dituzte txikiek: fisioterapia, terapia okupazionala, logopedia, psikologia eta familia terapia. Mikel Pagola herri honetako alkateak agertu zuenez, hasteko, hamar urterako hitzarmena sinatu dute Udalak eta Pausokak.

Eta, jakina, hau guztia merezi bezala ospatzeko, haurrak protagonista izatea eta herritarrek parte hartzea bilatuz inaugurazio besta bat eginen dute larunbat honetan, 10.30ean hasita.