NAIZ

Iritsi da elurra Euskal Herrira

Hotzarekin batera elurra ere iritsi da Euskal Herriko puntu desberdinetara. Parajeak zuritu bai, baina errepideetan arazo ugari ere eragin ditu.

Belaten ehunka kotxe eta kamioi daude geldirik. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Belaten ehunka kotxe eta kamioi daude geldirik. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko bazter ugaritara iritsi da elurra gaur goizaldean. Irudi ederrak uzten ari da lehen elurte hau, baina baita arazoak ere hainbat errepidetan.

Herrera eta Zaldiarango portuak (Araba) zein Arlaban eta Gatzagakoak (Gipuzkoa) itxi egin behar izan dituzte ibilgailu guztientzako. Bernedo eta Opakuan (Araba) beharrezkoak dira akteak. Aiurdin, Altube, Barazar edo Etzegarate bezalako portuetan barrena ibiltzeko arreta eskatu du Segurtasun Sailak.

N-1 errepidean, Tolosan Madrilera bidean istripua izan da eta moztu behar izan dute, hamar kilometrotik gorako ilarak eraginez.

Nafarroan, bere aldetik, iparraldean biltzen ari dira elurteak. Honek arazoak sortu ditu Belaten, non kamioi eta kotxe ugari dauden elurrak geldituta. Bertan, nafar Gobernuak jakinarazi duenez, N-121 errepideko 28 eta 35 kilometroen bitartean trafikoa itxi behar izan dute. Aralar eta Artesiega ere itxi egin dute. Urkiaga Egozkue eta Lizarragan ere kateak beharrezkoak dira. A-15 autobidean ere arazoak sortu ditu eta tarte batean itxi ere egin behar izan dute.

Ipar Euskal Herria ere txuriz jantzita esnatu da.

Gipuzkoan, aldiz, Etxegaraten eta Elgetan «arretaz gidatzea» eskatu du Lakuako Segurtasun Sailak, elurbustia dela eta. Baita Bizkaian, Urkiolan eta Barazarren ere. Elurra 700 metrotik gora bota lezake. Era berean, abisu horia 18:00etaraino mantenduko dutela iragarri du.