NAIZ

4.588 akreditatuk bozkatu zuten Sorturen Zohardia ponentzia

Parte hartzearen balorazio ona egin du Sortuk. Akreditatuak zeuden 6424 pertsonetatik Zohardia ponentzia 4588k bozkatu dute. Emakumeen parte hartzeak gora egin duela eta 147 presok dagoeneko izena eman dutela ere nabarmendu du alderdiak.

«Zohardia» ponentziaren mamia xehatu duen taldea. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
«Zohardia» ponentziaren mamia xehatu duen taldea. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

4588 akreditatuk bozkatu zuten Zohardia ponentzia azaroaren 26ra bitartean, hau da, akreditatuta zeuden 6424en %71. Bozketa prozedura honakoa izan zen: Lehenik Zohardia ponentziari, bai, ez edo zuri bozka eman behar zitzaion. Ondoren, baiezko botoa emandakoek zuzendaritza taldeari ere bai, ez edo bozka zuria eman behar izan zioten. Berriz ere baiezkoa emandakoek, formula berarekin bozkatu zuten herrialdeko taldea.

Sortuk parte hartzearen «balorazio ona» egin du ohar baten bidez, nabarmenduz «prozedura eta metodologia berria» izan dela, batzarretan bozkatzeaz gain, internet bidez egiteko aukera ere izan dute-eta. Sorturen arabera, «jende helduaren artean batez ere, parte hartu ez duten askok ez du botoa eman akreditatzearekin nahikoa zela pentsatuz».

Parte hartzeaz gain, 6850 lagunek izena eman izana ere goraipatu du alderdi subiranistak, izena emateko epea urtarrilaren 21era bitarte luzatuko dela jakitera emanez.

Emakumeen parte hartzeak gora egin duela ere nabarmendu dute. %39a izan dira botoa eman duten emakumeak, aurrekoetan %33aren inguruan ibili ondoren. Era berean, 147 presok «zailtasunak zailtasun» SOrturen birfundazio prozesuan izena eman dutela azpimarratu dute.