@MartxeloDiaz

Euskararen normalizazioan «azeleradorea sakatzeko» eskatu dio Kontseiluak Gobernuari

Azkenaldian aurrerapausoak izan direla onartu badu ere, euskararen normalizazioan «azeleradorea sakatzeko» eskatu dio Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok Nafarroako Gobernuari. Honekin batera, Vascuencearen Legearen 30. urteurrena dela eta ekitaldia egingo du Kontseiluak abenduaren 15ean Iruñeko Condestable jauregian.

Kontseiluak ekitaldia eginen du Iruñeko Condestable jauregian abenduaren 15ean. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Kontseiluak ekitaldia eginen du Iruñeko Condestable jauregian abenduaren 15ean. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

29/2003 foru dekretua aldatzea da, adibidez, Kontseiluak egiten duen eskarietako bat. Bilbaok nabarmendu duenez, Lan Eskaintza Publikoaren aurkako epaiak dekretu honetan oinarritzen. Aldaketa hau urgentziazkoa dela nabarmendu du Bilbaok, Gobernua horretan lanean ari dela badakitela adierazi zuelarik.

Nafarroako Gobernuak egin dituen gauza positiboen artean, Euskararen Plan Estrategikoa onartzea aipatu du Bilbaok. «UPN Gobernuan egon den urte guztietan egin den hizkuntza-politika planifikatua izan dela esan izan dugu behin baino gehiagotan, eta horrela da, baina politika hori ez da inoiz euskararen normalizazioaren aldekoa izan, oso kontrakoa baizik. Horregatik, uda honetan Nafarroako Gobernua plan estrategikoa egiten hasi izan urrats garrantzitsua iruditu zaigu«, esan du. Euskalgintzarekin bildu izana ere txalotu du.

Honekin batera, baliabideak handitu direla aipatu du elementu positiboen artean. «Idortua dagoen lurrean euria hastea da hori, ibaia sortzea izan behar dugu helburu».

Halere, Gobernuaren jarduerak alde ilunak ere badituela esan du. Plan Estrategikoaren «idazketa lausoa», baliabideen hazkundea handiagoa izan beharko litzatekeela eta foru dekretua aldatu behar dela aipatu du.

Gauzak horrela, Kontseiluak herriz herri abiatuko den dinamika bat martxan jarriko du 2017 urtean zehar. AEKko Xabier Gartziak azaldu duenez, «Euskalgintzak herritarren eskaria aktibatuko du Gobernuari eta Legebiltzarrari zonifikazioa gainditu eta Nafarroako herrietan euskara ofizial izendatzeko eskatuz». Euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarrikapena izango du ekimenak.

Honekin batera, ekitaldia egingo du Kontseiluak abenduaren 15ean Iruñeko Condestable jauregian Vascuencearen Legearen 30. urteurrena dela eta. «Ez da ospakizuna izango", aurreratu du Bilbaok.