Asier AIESTARAN

Asegarcek Imaz ipini du Beroizen ordez

«Arrazoi teknikoak» argudio moduan aipatuz, atzelari oiartzuarrak hartuko du Mikel Beroizen lekua datorren igandean Bilbon, Urrutikoetxearekin jokatzeko.

Badira urte batzuk araudian moldaketa egin eta enpresek Binakako Txapelketan nahi adina aldaketa egin ditzaketenetik, nahiz eta pilotariak inolako arazo fisikorik ez izan. Bada, aurtengo lehiaketan, erabakia inoiz baino lehenago iritsi da. Asegarcek atzo jakinarazi zuenez, Mikel Beroiz «arrazoi teknikoengatik» kendu eta Ander Imaz ipiniko du datorren igandean Bilbon Urrutikoetxearekin bikotea osatzeko. Bilboko enpresak ez zuen zehaztu aldaketa partida bakarrerako den ala Txapelketa osorako, baina erabaki hori ere emaitzen araberakoa izan daitekeenez, ez du asko axola.

Urrutikoetxea eta Beroizek lehiaketa hasiera apala egin dute, eta aurreneko bi neurketak galduta zeuden: lehen jardunaldikoa 16-22, Altuna III.a eta Barriolaren aurka, eta bigarrenekoa igandean, Lekeition, 22-13 Bengoetxea VI.a eta Larunberen kontra. Urrutikoetxea bera ere ez zen bereziki inspiratuta ibili Santi Brouard pilotalekuan, baina Beroiz bere maila onenetik oso urrun dagoela argi geratu zen. Aldaketa, beraz, ez da horren harrigarria, baina bai, akaso, bi jardunaldi bakarrik jokatu ostean iritsi izana.

Pozik egoteko arrazoiak dituena Ander Imaz atzelari gaztea da. Oiartzuarrak 21 urte besterik ez ditu (hilaren 30ean beteko ditu 22), eta profesional mailan lehen urtea betetzeko egun batzuen faltan izango du Lehen Mailako Binakakoan debutatzeko aukera paregabea: Urrutikoetxearen bizkartzain, Olaizola II.a eta Untoriaren aurka. Gipuzkoarra, iaz Promozio Mailan finalerdietara iritsi ostean, sekulako mailan ari da azken asteetan eta jokatutako azken bost norgehiagokak irabaztetik dator, nahiz eta gehiegi jokatu ez.

Gaur, Santa Lutzi Urretxun

Bigarren jardunaldia amaitu berri den arren, hirugarrena gaur bertan hasiko da Urretxun, Santa Lutzi egunez urtero antolatzen duten jaialdiaren aitzakian. Ikuskizuna 17.00etan hasiko da Gorka-Tolosa eta Jaka-Erostarbe bikoteen arteko lehen partidarekin, eta Txapelketakoa ondoren etorriko da: Elezkano II.a eta Zabaleta Artola eta Albisuren kontra nor baino nor.

Oso hasiera desberdina izan duten bi bikote neurtuko dira. Izan ere, Iñaki Artola eta Jon Ander Albisu bitik bi irabazita –Ezkurdia-Merino eta Mendizabal-Tolosaren aurka– sailkapenaren goialdean dauden bitartean, Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta beheko zuloan daude, orain arte jokatutako biak galduta –Irribarria-Rezusta eta Olaizola II.a-Untoriaren kontra–.

Hasiera batean, oso erakargarria izan daiteke atzeko koadroetan Zabaletak eta Albisuk izango duten lehia, egungo bi jotzaile handienetakoak direlako eta maila onean dabiltzalako biak. Jon Ander, esaterako, enpresek martxan ipini duten Pilotari Onenaren Sariko sailkapenean lehen postuan dago 56 punturekin –Rezusta (54) eta Olaizolaren (53) aurretik–.

Aurreko koadroetan, aldiz, Danel Elezkanok pauso bat aurrera eman beharko du Artolari aurre egin eta Zabaletak irekitzen dituen hutsuneak aprobetxatzen saiatzeko.